Hogeitazazpigarrenez, frontenis festa Berrobin

Josu Artutxa Dorronsoro 2018ko abenduaren 8a

Ion Ander Izagirre frontenis txapelketak baditu txapeldunak. Jokatu beharreko lau finaletatik hiru jokatu dira, arratsaldean, herriko frontoian, eta beste urte batez, Odei Arregi izan da txapeldun mutiletan. Izen nabarmenetako bat, berriz, Xabi Goikoetxearena izan da.

XXVII. edizioa izan da aurtengoa, eta guztira 72 bikotek hartu dute parte gaur amaitu den txapelketan. Berrobiko frontoian bildu dira aurten lehiatu diren bikote asko, finalak ikusteko gogoz. Lau final ziren jokatzekoak: mutilen binakakoa, bikote mixtoena, nesken binakakoa eta mutilen bakarkakoa. Hala ere, txapelketa mixtokoa ez da jokatu, Mireia Barriolak, futbol partida bat jokatu behar zuela eta ezin izan duelako azaldu. Hortaz, bera eta Xabi Zubiria azpitxapeldun izan dira, eta Xabi Goikoetxeak eta Leire Jauregik jantzi dute txapela.

Lehen partidan, Xabi Goikoetxeak eta Ibai Amundarainek, Markel eta Ander Agirre anaiei 30-16 irabaztea lortu dute. Azken urteetan partida gogorretara ohituta bageunden ere, gaurkoa motza izan da, baina polita", aitortu du Iker Elustondo antolatzaileak. Bigarren partidan, berriz, aurrez aurre, berez aritu behar ez zuten bi bikote aritu dira. Mirari Arteaga eta Maialen Senperena amezketarren ordez, Aiora Galarza eta Alazne Garmendia aritu dira, Aiora Lasarte eta Mireia Barriolaren aurka. Azkenean, 30 eta 18 nagusitu dira azken unean finala jokatzera deituak izan diren bi jokalariak.

Azken partidan, berriz, txapelketa honetan klasiko bihurtu den Odei Arregik, lehendik partida bat jokatu duen Xabi Goikoetxearen aurka neurtu ditu indarrak. Azkenean, 30 eta 13 gailendu da azken urteetako txapelduna. "Ez dakit seguru seigarrena edo zazpigarrena jarraian lortu duen, baina Nikolas Artola gertu du palmaresean. Ikusten da azken urteetan gazteak nagusi direla, belaunaldi aldaketa bat eman dela, eta herritik kanpora ere, eskualdean ezagun egin dela txapelketa. Hala ere, Arregiri irabaziko dion partaideren bat topatzea oso zaila da", aipatu du Elustondok.

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!