Berrobiko frontenis txapelketako finalistak, erabakita

Ataria 2018ko abenduaren 3a

Datorren larunbatean, abenduaren 8an, jokatuko dira lau mailatako finalak, 15:30etik aurrera Urreburu pilotalekuan.

XXVIII. Ion Ander Izagirre frontenis txapelketak baditu finalistak. Asteburuan jokatu dituzte finalaurrekoak, eta lehia estu mordoa ikusi ostean, txapeldunak nortzuk izango diren jakitea baino ez da falta.

Datorren larunbatean jokatuko dituzte finalak, 15:30etik hasita. Lehen finala mutilen binakako txapelketakoa izango da. Markel eta Ander Agirrek Xabi Goikoetxea eta Ibai Amundarainen aurka jokatuko dute.

17:00etan txapelketa mistoko neurketa jokatuko da. Xabi Goikoetxea eta Leire Jauregi, eta Mireia Barriola eta Xabi Zubiria izango dira nor baino nor gehiago.

Nesken binakakoaren txanda izango da ondoren. Mireia Barriolak bere bigarren finala jokatuko u, Aiora Lasarterekin bikotea osatuz. Maialen Senperena eta Mirari Arteaga izango dituzte aurkari.

Laugarren eta azken finala mutilen buruz-buruko txapelketakoa izango da. Odei Arregi eta Xabi Goikoetxea izango dira txapela janzteko lehian.

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!