Birziklapena, sormena, eskulana eta musika uztartzeko modua

Irati Saizar Artola 2018ko azaroaren 27a

Berrobiko San Andres jaien barruan, 'Trakamatraka' ikuskizun musikala izango dute, larunbatean, 11:00etan. Birziklatuz, musika tresnak sortu eta musika egingo dute.

Musika eta birziklatzea batzen ditu Jon Urrutiak Trakamatraka ikuskizunean. Materialak birziklatuz edo etxean aurki daitezkeen edozein objektu moldatuz, instrumentu ezberdinak sortzen ditu modu parte-hartzaile batean, eta musika egiteko baliatzen ditu ondoren. Horixe egitea da asmoa Berrobin, larunbatean 11:00etan, San Andres jaietan.

Musika aniztasuna, sormena eta irudimena, birziklatzea eta ingurunearekiko errespetua biltzen ditu Urrutiak emanaldi berean. Bere ustez, «modu dibertigarri eta parte-hartzailean haur eta helduak musikarengana hurreratzea da garrantzitsuena».

Bi zatitan banatu ohi du emanaldia. Lehenik, kontzertu didaktikoa eskaintzen du, girotzen joateko, eta jarraian, tailer moduko bat egiten du. Kontzertuan ikusitakoarekin, sormena martxan jarri eta ideiari pare bat buelta eman ostean, musika tresna bat egiten dute bertaratzen direnek. Emanaldiaren hasieran jendea lekuz kanpo geratu ohi dela adierazi du Urrutiak: «Hasiera batean, eskailera batekin musika egitea tokatu liezaioke bati eta jokoz kanpo senti daiteke, baina gero, berehala sartzen da nire mundura, Trakamatrakaren mundura».

Haize, hari edo perkusio tresna mota ezberdinak sortzen dituzte. Sortze prozesu horretan, mota ezberdinetako materialak birziklatu eta moldatzen dira: azenarioak, adreiluak, eskailerak, aitzurra, patinetea, bizikleta zatiak, plastikozko boteak, erratza, libragailua, ureztaontzia, mangera eta halakoak. Beharrezko materiala Urrutiak berak eramaten du, eta musika tresna batzuk eginda eramaten baditu ere, beste batzuk momentuan egiten ditu, ikusleen laguntzaz.

BALOREAK LANTZEN

Birziklapenaren kontzientzia eta ingurumenarekiko errespetua bultzatu nahi ditu proiektu horrekin. Baita jarrera kritikoa landu ere, aire-kutsadura eta kontsumo arduragabearen aurrean.

Horrez gain, irudimena eta sormena lantzea ere badira proiektu horren ardatz nagusiak: «Iruditzen zait sormena gehiago landu beharko genukeela egunerokoan, eta ikuskizunean horretan saiatzen naiz. Buruari buelta bat ematea, eta ikustea erratza bat, ez dela erratza bat bakarrik, gauza askotarako erabili daitekeela».

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagundu iezaguzu. Eduki hau guztia doan ikusten duzu ez dugulako irudikatzen euskarazko hitzik gabeko Tolosalderik. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ezinezkoa litzateke. Zenbat eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da ATARIA: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezuna: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!