Prestatu dira jada Berrobin, sanandresak ospatzeko

Irati Saizar Artola 2018ko aza. 21a, 10:00
Etxolako horma bat margotu zuten haurrek, joan den urteko jaien barruan

Ostiralean hasi eta lau egun jarraian dituzte festaz gozatzeko; txokolate eta talo jateak izango dituzte arratsaldeetan.

Sanagustinak pasa ondoren, sanandresen zain geratzen dira Berrobiko herritarrak. Egitarau oparoarekin ospatu ohi dituzte, eta aurten abenduaren 8ra arte luzatzeko asmoa dute, egun horretan jokatuko baitira XXVII. Ion Ander Izagirre Frontenis Txapelketako finalak.

Santuaren egunean, azaroaren 30ean, emango diete hasiera, mezarekin. Ondoren, erretirodunen bazkaria egingo dute Solastoki Jubilatuen Elkarteko tabernan eta bingoan jolasteko aukera izango dute bazkalostean. Festen hasiera ofiziala, ordea, arratsaldean izango da, Berrobi Kantari ekimena amaitu ostean. Ekimen hori, Berrobiko Eskolak sustatu du, eta hilabete bakoitzeko azken ostiraletan kalera kantari ateratzeko helburuarekin jarri dute martxan.

Egun nagusiarekin jarraitzeko, buruhandiak eta txokolate jatea izango dituzte, eta iluntzean, pintxo-pote herrikoia egingo dute Matraka elektrotxarangak alaituta. Jarraian, Begi-Urdin Gaztegunean elkartuko dira oilasko errea jateko. Azaroaren 25a arteko epea dago txartelak eskuratzeko; Iturriza janaridendan, Ogi-Berri okindegian, Iriarte Jatetxean eta Solastoki Jubilatuen Elkarteko tabernan eros daitezke. Haurrek 6 euro ordaindu beharko dituzte eta izozki bat doan izango dute, eta helduek, berriz, 14 euro eta konbinatu bat doan. Eguna borobiltzeko, Azken Sustraiak taldeak kontzertua eskainiko du Gaztelekuan.

Euskaraldiaren amaierarekin eta euskararen egunarekin, lau eguneko festa giroaren ostean atseden hartuko dute, eta abenduaren 8an amaituko dira Frontenis Txapelketako finalekin.

Egitaraua

Azaroak 30, ostirala

13:00. Solastoki Jubilatu Elkarteko bazkide-hildakoen omenezko meza.
13:30. Tremes-ogia banatuko da doan .
14:00. Jubilatuen bazkaria Solastoki Jubilatuen Elkarteko tabernan.
Jarraian. Bingoa.
16:10. Berrobi kantari: Berrobiko Eskolak sustatuta, hileko azken ostiraletan, kalera kantari ateratzeko herri-ekimena.
16:30. Jaien hasiera.
16:45. Buruhandiak.
17:15. Txokolate beroa.
19:30. Matraka elektrotxarangaren eskutik, pintxo-pote herrikoia.
21:30. Oilasko-errea Begi-Urdin Gaztegunean.
00:00. Azken Sustraiak taldearen kontzertua Gaztegunean.

Abenduak 1, larunbata

11:00. Trakamatraka ikuskizun musikala: kontzertu didaktikoa musika tresna birziklatuekin.
14:00. Babarrun jana Begi-Urdin Gaztegunean. Txartelak salgai azaroaren 25 arte; helduek 14 euro eta haurrek 6 euro.
16:30. Mikel Bermejoren bakarrizketa Begi-Urdin Gaztegunean.
17:30. Aurpegi margotzea tailerra Gaztegunean.
17:30. Eskoba, punttu eta mus partidak Solastoki Jubilatu Elkartearen tabernan, adin guztietako herritarrentzat (izen-ematea beharrezkoa).
18:30. Txokolate beroa txurroekin, karta-jokoetako partaide guztientzat.
21:00. Zahagi ardoa.
23:00. DJ Aremikel Begi-Urdin Gaztegunean.

Abenduak 2, igandea

09:00. Uzturrera ibilaldia eta hamaiketakoa itzuleran partaideentzat.
18:30. Talojana Solastoki Jubilatuen Elkarteko tabernan.
Ondoren. Izer eta Alabierren eskutik erromeria.

Abenduak 3, astelehena

16:15. Pirritx, Porrotx eta Marimotots-en Ahoa bizi, belarriak prest dantza.
17:00. Dantza Oh Kea: egiozu keinu euskarari dantzan, Begiurdin Gaztegunean.

Abenduak 8, larunbata

XXVII. Berrobiko Ion Ander IzagirreFrontenis Txapelketako Final Nagusiak.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!