Liburutegi kutsu gehiago eman diote

Ataria 2018ko urriaren 26a

Berrobiko liburutegiari haize berria eman diote espazioak berrantolatuz, eta herritarrek atzo iluntzean izan zuten bisitatzeko aukera. Esther Poveda aktoreak gidatu zuen ekitaldia.

"50 bat lagun etorri ziren ekitaldira, eta oso polita izan zen", esan du Begoña Olamusu liburuzainak. Esther Poveda aktoreak gidatu zuen espazioen berrantolaketaren berri emateko bisita eta gerturatu zirenei "toki sakratua balitz bezala" aurkeztu zien liburutegi eraberritua.

"Espazioak erakutsi zituen, zer egin ahal den eta zer ez azaldu zuen jokoen bidez, jarreren inguruan hitz egin zuen... oso ondo egon zen", esan du Olamusuk. Haur eta gazte asko izan ziren ekitaldian, eta baita hainbat guraso ere: "Gurasoen zeregina zein izan beharko lukeen ere nabarmendu zuen". Liburuzaina kontentu dago, bai ekitaldiarekin berarekin, eta baita eraberritzearekin ere: "Etorri zirenen artean baten batek esan zuen orain liburutegia ematen duela, eta horrek poz handia ematen du, lanerako gogo gehiago ere badugu. Espazioa lehen ez zegoen antolatuta, eta orain txukunago dago, eta aproposagoa da".

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!