Haize berria eman diote Berrobiko liburutegiari

Rebeka Calvo Gonzalez 2018ko urr. 24a, 11:15

Espazioak berrantolatu dituzte eta bihar erakutsiko dizkiete herritarrei, 18:15etik aurrera; Esther Poveda herriko aktoreak izango du ekitalditxoa gidatzeko ardura.

Berrobiko liburutegia haizeberritu dute eta herritarrei erakusteko ekitaldi berezia antolatu dute. Liburutegiko Begoña Olamusu arduradunak azaldu duenez, herriko Esther Poveda aktoreari eskatu dio zerbait prestatzeko eta «ekitaldi berezia» izango dela aurreratu du. Bihar izango da, 18:15ean hasita.

Liburutegia udaletxeko azken solairuan dago. Bitan banatzen da, helduen liburutegia dago batetik, eta haurrena, bestetik. 2001ean ireki zuten eta orain arte ez dutela aldaketarik egin esan du Olamusuk. «Orain helduen liburutegia jarri dugun lekuan, lehen, haur eta gazteen txokoak zeuden. Ez zuen ume kutsu handirik egia esan. Haurrentzako gunea zegoen tokian orain ordenagailu bat jarri dugu, oraingoz interneteko seinalea ondo iristen den leku bakarra delako, aldizkariak ere hor daude... Eta 7-12 urte artekoen gunea orain helduena da. Lanak edo dena delakoak egiteko mahaiak daude, helduen liburuak ere eskura dituzte...», esan du. Olamusu bera ere, bi gune horien artean zegoen eta ez zen erosoena «ez zen oso aproposa eta nire iritziz dinamika hori puskatu behar zen». Beste aldean daude orain haur eta gazteei zuzendutako guneak, baita liburuzainaren txokoa ere. Sartu eta ezkerretara dago haurrak lasai egoteko lekua eta eskuinetara 6-12 urte artekoena. Haurrek liburu guztiak dituzte eskura, eta baita goxo egoteko tatamiak eta kuxinak ere. Gazteek ere badute eroso egoteko lekua, lehen KZgunea zegoen lekuan, hain justu; mahai luzea dute eta behar dituzten liburuak ere eskura dituzte.

Liburutegiko bi guneak zuriz margotu dituzte, gune argitsua sortu dute eta lehen zeuden altzariak zaharberritu dituzte. «Nik uste orain liburutegiak beste kutsu bat hartu duela eta nire nahia da unibertsitatera edo dena delakora doazen gazte horiek hona etorri ahal izatea kontsultak egitera, lanak egitera edo ikastera». «Toki aproposa sortu nahi genuen eta uste dut lortu dugula», gehitu du.



ASTEAN BITAN

Herri txikia da Berrobi, 600 bat biztanle dira, eta liburutegia astean bitan irekitzen dute; astearte eta ostegunetan, 17:00etatik 19:30era. «Egunik lasaienean 20 pertsona pasatzen dira hemendik, batzuetan baita 60 ere. Zalaparta handia sortzen da, liburutegia 'egoteko beste gune' bat bezala hartzen baitu batek baino gehiagok, aterpe moduan, eta liburutegi kutsu hori indartu nahi dut. Liburutegia irakurtzeko eta lanak egiteko leku lasaia ere izan behar du. Horregatik haizeberritze honekin eskubide eta betebeharren inguruan ere ohartarazi nahiko nuke; eskubideak baditugu noski, baina baita betebeharrak ere». «Isiltasuna oso garrantzitsua da liburutegi batean», nabarmendu du.


UDARA, LANEAN

Liburutegiari «buelta» eman diotela esan du arduradunak, eta bide horretatik jarraitu nahi duela gehitu du. «Lehen ni nengoen tokia huts samar geratu da, eta hor jartzeko ideia bat ere lantzen ari naiz». Udara eman dute liburutegia txukuntzen eta emaitzarekin harro dago liburuzaina.

Berrobin irakurzaletasuna badagoela dirudi, jende dezente ibiltzen baita liburutegia irekita dagoen egunetan, eta horretan ere laguntzen du 2006tik Euskadiko Liburutegien sarean egoteak. «Institutuan dauden asko etortzen dira liburuak eskatzera, eta hemen ez badugu, edo ale bat baino gehiago behar badituzte, sarean eskaten ditugu».

Irakurle taldea ere badute, sei bat pertsona dabiltza bertan, eta Olamusuk talde polita osatzen dutela dio. Hurrengo hitzordua azaroaren 15erako egin dute. Lander Garroren Gerra txikia izango dute hizketagai. Liburuzainak herritar guztiak gonbidatu ditu irakurle taldean parte hartzera.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!