Korrikalari kopurua handitu nahi du larunbateko BerroBira krosak

Asier Imaz 2018ko ira. 19a, 09:44

XVI. BerroBira Kros Herrikoia larunbatean izango da; haurren lasterketa 16:00etan hasiko da eta helduena 17:00etan.

BerroBira Krosaren XVI. edizioa antolatu edo ez antolatu, hori zen Ibin Kirol Klubeko kideen zalantza urte hasieran. Azkenean aurrera egitea erabaki zuten: «Lan aldetik eta ekonomikoki ekimen potente bat da, eta azken urteetan partaidetza gutxitzen ari zela ikusten genuen; hortik sortu zen eztabaida».  

Korrikalariak erakartzeko kros herrikoiaren data aldatu zuten duela hiru edo lau urte, baina zenbakiek ez zuten gora egin. «Irailaren hirugarren edo laugarren asteburuan egiten hasi ginen, Kontxa amaitu eta Behobia-Donostia prestatzen hasteko data ona zelakoan. Oraindik horrela pentsatzen dugu, beraz, jendea animatu nahiko genuke parte hartzera», azaldu dute antolatzaileek.

Azken urtean 40 lagun exkax izan ziren BerroBira herri krosean; haurren lasterketan 50 inguru. Pixkanaka zenbaki horiek gizentzen joatea da Ibinekoen helburua: «Giro polita sortzen da lasterketaren inguruan, eta eguraldia ona emanda dago astebururako. Ekimena antolatzen jarraitzeko parte hartzaileak beharrezkoak dira, eta horretara animatu nahi ditugu eskualdeko korrikalariak».

Izena emateko aukerak

BerroBira Krosa irailaren 22an izango da, larunbat honetan. Haurren lasterketa 16:00etan hasiko da, eta helduena 17:00etan. Azken honek 7,5 kilometroko luzera izango du, hau da, ibilbideari bost itzuli eman beharko dizkiote parte hartzaileek.

Izena emateko bi aukera daude. Aurrez, herrikrosa.eus webgunean 8 euroren truke. Egunean bertan, 16:30ak arte, Berrobin, 10 eurotan.

Lehen hirurek sariak jasoko dituzte eta herriko lehenek ere bai. Lasterketa ondoren jana eta edana egongo da parte hartzaile guztientzat.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!