Azken hiru urteotan Berrobin burututako lanak bisitatu ditu Aldundiak

Tolosaldeko Ataria 2018ko ira. 19a, 09:22
Argazkiak: GFA

Besteak beste, Berrobiko argiteria eta hiru baserri bide berritu dituzte, LandaGipuzkoa+ programaren bitartez.

Ainhoa Aizpuru, Ekonomia Sustapeneko, Landa Inguruneko eta Lurralde Orekako diputatua, Berrobin izan da, Gipuzkoako Foru Aldundiaren LandaGipuzkoa+ programaren bitartez herrian egin diren hobekuntzak ikusteko. Iñigo Aiertza alkatearekin eta Iñaki Labaka, Lurralde Orekako zuzendariarekin batera, azken hiru urteotan egindako proiektuen jarraipena egin du Aizpuruk.

2.500 biztanletik beherako herrietako jarduera ekonomikoa sustatzeko sortutako programaren bidez, 65.000 euro inguruko diru-laguntza jaso du Berrobiko Udalak azken hiru urteotan. Berrobiko landa eremuan hiru bide zati berritzeko erabili dute, besteak beste, diru hori: Berrobizar, Bista eta Txurdina eta Ibingo Langako bideak, hain zuzen ere. Berrobiko erdigunean dagoen argiztapena, baita ibaiaren pasealekuan dagoena ere hobetu dituzte.

Aizpururen esanetan, «beharrezkoa da landa azpiegiturak eta bideak hobetzeko inbertsioak egitea, herrietako bizilagunen komunikazioa, garapena eta bizi kalitatea ziurtatzeko».

Berrobira egindako bisita udal ordezkariekin lan bilera bat egiteko ere baliatu dute, tokiko beharrak, proiektuak, erronkak eta estrategiak ezagutzeko. Horrez gain, udal jabetzakoa den baserri bat eta herriko eskolako estalpea ere bisitatu dituzte. Hain zuzen, azken honek Aldundiko Lurralde Orekako diru laguntza ere jaso zuen.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!