Berrobiko Ibin Kirol Klubak Pirinioetara irteera antolatu du astebururako. Larunbatean Aragoiko Anayet lakura igoko dira eta igandean Laku Urdinetara eta Bachimañara joango dira. El Pueyo de Jaca herriko aterpetxean emango dute gaua. 26 pertsonek eman dute izena.
Arropa egokia
Antolatzaileek arropa egokiak eramateko eskatu diete parte hartzaileei. «Oraindik ez dakigu seguru zer eguraldi egingo duen, baina 2.000 metrotara egongo gara, beraz arropa egokiak eramatea eskatzen dugu», esan dute. Eguzkitako krema eta betaurrekoak ez ahazteko eskatu dute eta «gomendagarria da ere euritako edo antzeko bat eramatea».
Larunbata eta igandea mendian emango dituzte eta beraz, jatekoa eta edatekoa eraman behar dela ere gogoratu du Ibin Kirol Klubak.
Larunbatean 5:45ean aterako dira Berrobiko udaletxe ondoko aparkalekutik eta jada mendira joateko moduko jantziak eramateko eskatu dute.
09:00etan abiatuko dira Anayeteko lakurantz. 5 ordu eta 45 minutu inguruko ibilbidea izango da. Laku Urdinak ingurura joateko 8 bat ordu beharko dituzte. Panticosatik abiatuko dira hara.