Emakumezkoen zoroetxe bat, umore ukituarekin

Rebeka Calvo Gonzalez 2018ko eka. 28a, 08:43

'Aingerutxoak' lanaren taldeko argazkia.

Berrobiko antzerki taldeak ikasturte amaierako emanaldia eskainiko du ostiralean, hilak 29, 20:30ean, Gaztegunean. Zoro-eroak? lana eskainiko dute.

Berrobiko antzerki taldeak iaz ere eskaini zuen ikasturte amaierako lana, baina "formatu txikikoa" izan zela esan du Esther Poveda irakasleak. Aurtengoan beraz "jauzia" emango dute antzezleek eta antzezlan oso bat eskainiko dute, Zoro-eroak? izenekoa. "Duela bi urte esketxez osatutako Aingertuxoak lana eskaini genuen eta gerora ere hori eskaintzen aritu ginen. Desberdina da esketx motako lanak egin edo antzezlan oso bat, denak uneoro presente egon behar baitira. Pasa den ikasturte amaierarako formatu txikiko lan bat prestatu genuen eta jada Zoro-eroak? prestatzen ari baginen ere, oraindik ez dugu antzeztu. Ostiralekoa izango da lehen aldia", esan du Povedak.

Zoro-eroak? lana Jose Luis Alonso de Santosen Fuera de quicio lanaren euskarazko moldaketa da. Emakumezkoen zoroetxe bat da eta komedia bada ere ukitu desberdin asko dituela esan du antzerki taldeko irakasleak. "Intriga du, ukitu poliziakoa... espero gabeko gauza asko gertatzen dira", azaldu du.

Ikasturte honetan orain arteko antzezleek hartu dute parte eta horiek eskainiko dute ostiraleko emanaldia. "10 gara taldean eta 8 dira emakumezkoak. Bi gizonezkoek beste zoroetxe batetik bisitan datozen eroen papera beteko dute".

Irakaslea oso gustura dago taldearekin eta jada denak ezagunak izateak lana errazten duela esan du: "Ni oso gustura nago eta beraiek ere, nik uste. Dena den, ea datorren ikasturterako jende gehiago ere animatzen den".

Ostiraleko emanaldia "aurre estreinaldi" baten moduan hartzen dutela ere esan du Povedak, eta jada beste bi emanaldi lotu dituztela esan du; Elduaingo festetan izango dira, eta baita Tolosako Amarotz auzoan ere iraila edo urrian.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!