Eragileek Kulturaldian egindako lana nabarmendu du Berrobiko Udalak

Ataria 2018ko ekainaren 7a

Udaberriko Azoka egin zuten Kulturaldiaren barruan.

Maiatza kulturari begira ematen dute Berrobin; balorazio positiboa egin dute eta herritarren ekarpenak txalotu.

«Oso gustura gaude Kulturaldiak emandakoarekin. Egin diren ekintzetan parte hartze handia egon da eta asko lagundu horretan elkarte zein eragile bakoitzak antolatu dituzten ekintzak zein dinamika onarekin eraman dituzten. Kulturaldia ez da udalaren alde bakarreko lana, herritarren eta eragileen lana ere eskatzen du eta egin dute lana nabarmendu behar da, horregatik ateratzen da ondo», esan du Igone Saldias zinegotziak.
Ibin Kirol Klubak Iñaki Perurena harri-jasotzailea gonbidatu zuen hitzaldi bat eskaintzeko eta jende asko gerturatu zela eta oso hitzaldi interesgarria izan zela nabarmendu du Saldiasek. Era berean, Udaberriko Azoka ere aipatu du: «Oso ondo atera zen, eguraldiak ere lagundu zuen, eta ondoren herriko produktuekin osatutako bazkaria egin genuen eta oso gustura egon ginen. Lehen aldia zen eta 100 bat pertsona bildu ginen. Gero herriko dantzariak egon ziren eta emanaldi oso polita eskain, eguna borobilduz».
Azoka egunean biolin joleak egon ziren jotzen kalean «giro atsegina» sortuz, eta literatura zein euskara maite duten bi berrobitarren ekimenez postu bat jarri zuten literatura sustatzeko. «Liburutegian erabili gabe zeuden liburuak atera zituzten kalera oparitzeko eta jendearengana gerturatzeko».

Eskolako haurrek urtero eskaintzen dituzten emanaldiak ere «oso politak» izan direla esan du Saldiasek. Bi saio eskaintzen dituzte elizan eta harrera oso ona izan dute aurten ere. «Eskolaz kanpoko ikastaroetako ikasturte amaierako emanaldiak ere oso ondo joan ziren», gogoratu du. Erretirodunek egindako Artisautza Goxoa irteera ere aipatu du Saldiasek eta hori ere gogotsu hartu zutela esan du.

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!