Kulturaldia antolatu dute beste behin, elkarteen lanari esker

Tolosaldeko Ataria 2018ko mai. 10a, 11:00
Iazko Argazki Rallyan, helduen mailan, Mari Belaunzaranek irabazi zuen.

Maiatzaren 31 bitarteko ekitaldiak lotu dituzte Berrobin; aurten lehen aldiz herriko bertako produktuekin osatutako bazkaria egingo dute maiatzaren 20an.

28. Kulturaldia hasi zen pasa den ostiralean. Argazki Rally-arekin eman zioten hasiera eta hamar pertsonek hartu dute parte, «iaz baino gutxiago», esan du Igone Saldias zinegotziak. Aurtengoan Arkitektura gaia jorratu behar izan dute irudien bidez. Asteburuan atera zituzten argazkiak eta www.berrobibizia.eus helbidearen bidez entregatu zituzten. Jasotako argazki guztien erakusketa Solastoki tabernan jarriko dute gaur, 17:00etatik aurrera, eta Kulturaldia bukatu bitarte ikusi ahal izango da. Sari banaketa maiatzaren 20an izango da.

Bihar, ostirala, ere egongo da ekitaldirik, eta «oso berezia», gainera. 20:00etan elizan Udaberri gau baterako musika izeneko emanaldia eskainiko du Emotioa taldeak. Sarrera doakoa da eta doinu goxoekin gozatu ahal izango da. Pianoa izango da protagonista, baina ez da bakarrik egongo, dantzariek ere hartuko baitute parte.

Datorren ostiralean ere hitzordu berezia egongo da. Iñaki Perurena harri-jasotzaileak hitzaldia eskainiko du Begi Urdin Gaztegunean. Bere ibilbideaz hitz egingo du eta baita harriarekin izan duen loturaz ere. Hau ere doan izango da.

Maiatzaren 20an, igandearekin, egun osoko festa izango dute herrian. Udaberriko Azoka egingo dute zazpigarren aldiz, eta herriko produktuak egongo dira aukeran. Horrekin batera Argazki Rallyko sari banaketa egingo dute eta baita liburutegiak antolatzen duen XVI. Literatur lehiaketakoa ere. Ondoren, bazkaria egingo dute eta dastatuko dituzten produktu guztiak Berrobikoak izango dira. «Lehen aldia da antolatzen dugula. Menu osoa bertako produktuekin osatuko dugu eta Iriarte jatetxeko Felix Belaunzaranek prestatuko du», esan du Saldiasek. Txartelak Iriarten bertan eskuratu daitezke, baina bazkaria eskolako aterpean izango da. Eguna borobiltzeko, 17:00etatik aurrera, dantzari txikien emanaldia egongo da Urreburu frontoian.

Beste berrikuntzetako bat maiatzaren 19ko Pin-Pon Lehiaketa izango da. «Duela urte batzuk egiten zen, baina gerora utzi egin zen eta aurten berriz ere antolatzea erabaki du Ibin kirol klubak», azaldu du Saldiasek.

Kulturaldia, ohi bezala, herriko haur eta gazteen eskolaz kanpoko ikastaroetan ikasturtean zehar egindako lana erakusteko baliatuko dute. Musika eta antzerki emanaldia bigarren urtez elizan egingo dute, bi txandatan, eta judoko, gimnastika erritmikoko eta zirkuko ikasleek eskolan egingo dituzte erakustaldiak. Haurren pilota partidak ere egongo dira, frontoian.

Askotariko ekitaldiak antolatu dituzte beraz, Kulturaldian eta zinegotziak herriko elkarteen lana eta babesa eskertu nahi izan du, «bestela ez litzateke posible izango», esan du.

 

EGITARAUA

Gaur, maiatzak 10

  • 17:00. Argazki rallyko lanen erakusketa Solastoki tabernan, maiatzaren amaierara bitarte.

Bihar, maiatzak 11

  • 20:00. Udaberri gau baterako musika zuzenean, Emotioa taldearen eskutik, elizan. Kantu ezagunak, dantzarien eta pianoaren laguntzaz.

Maiatzak 17, osteguna

  • 18:15-19:45. Gurasoei zuzendutako formazio saioa; Autokontrola eta autoestimuaren garrantzia. Idoia Apaolaza psikopedagogo eta gizarte hezitzailearen eskutik, udaletxeko areto nagusian. Zaintza zerbitzua egongo da Etxola haur txokoan. Antolatzailea: Ekintza Guraso Elkartea.

Maiatzak 18, ostirala

  • 16:45. Sanaustinak antolatzeko haurren bilera, udaletxean.
  • 17:30. Sanaustinak antolatzeko helduen bilera, udaletxean.
  • 19:00. Iñaki Perurenaren hitzaldia Begi Urdin Gaztegunean. Antolatzailea: Ibin Kirol Kluba.
  • 21:00. San Isidro Eguna ospatzeko afaria herriko baserritarrekin, Iriarte jatetxean. Txartelak jatetxean bertan daude eskuragarri, maiatzaren 15a bitarte.

Maiatzak 19, larunbata

  • 11:00. Pin-Pon Lehiaketa Begi Urdin Gaztegunean. Hiru mailatan jokatuko dute lehiaketa: 8-12 urte artekoak, 12-16, eta 16 urtetik gorakoak. Kanporaketa zuzeneko partidak. Antolatzailea: Ibin Kirol Kluba.


Maiatzak 20, igandea

  • 10:00-14:00. VII. Udaberriko Azoka. Bertako produktuak, artisauak, saskigintza, literatura opariak, karikaturak, pintxoak, musika, zozketa...
  • 11:30. V. Argazki Rallyko sari banaketa.
  • 13:00. XVI. Literatur lehiaketako sari banaketa.
  • 14:00. Bazkaria eskolako estalpean: sarrerakoak eta txerrikumea, postrea, edaria eta kafea. Berrobiko produktuekin egindako bazkaria izango da. Txartelak Iriarte jatetxean daude salgai maiatzaren 13a arte, 27 euroan. Umeen menuak 6 euro balio du.
  • 17:00. Dantzari txikien emanaldi eta merienda, Urreburu frontoian. Antolatzailea: Ekintza Guraso Elkartea.


Maiatzak 22, asteartea

  • 18:00. Ipuin kontaketa Kantukantoiren eskutik, Begi Urdin Gaztegunean. Antolatzailea: Ekintza Guraso Elkartea.

Maiatzak 24, osteguna

  • 08:00. Artisautza goxoa jubilatuen irteera. Autobusa plazatik aterako da. Izena maiatzaren 12a bitarte eman daiteke, 18:30etik 19:30era, Solastoki elkartean bulegoan.

Maiatzak 25, ostirala

  • 10:00etan eta 17:30ean. Berrobiko Eskolako ikasleen musika eta antzerki emanaldia, elizan. Antolatzailea: Berrobiko Eskola.

Maiatzak 26, larunbata

  • 11:00. Haurren pilota partidak. Antolatzailea: Urreburu Pilota Elkartea.

Maiatzak 28, astelehena

  • 17:30. Gimnastika erritmikoko ikasleen emanaldia, Berrobiko Eskolako psikomotrizitate gelan. Antolatzailea: Ekintza Guraso Elkartea.

Maiatzak 29, asteartea

  • 17:30. Zirkuko ikasleen emanaldia Berrobiko Eskolako psikomotrizitate gelan. Antolatzailea: Ekintza Guraso Elkartea.

Maiatzak 31, osteguna

  • 17:30. Judoko ikasleen erakustaldia, Berrobiko Eskolako psikomotrizitate gelan. Antolatzailea: Ekintza Guraso Elkartean.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!