Norbere gorputzaren kontzientzia hartzen laguntzeko ikastaroa

Rebeka Calvo Gonzalez 2018ko api. 5a, 10:00
Karmele Gurrutxaga, Hernanin eskainitako saio batean. Sinadura: Urumeako Kronika.

50 urtetik gorakoei begirako saioak eskainiko ditu Karmele Gurrutxagak Berrobin; zortzi saio eskainiko ditu eta abiapuntua maila fisikoaren gailurra non dagoen identifikatzea izango da.

50 urtetik gorakoei zuzendutako Aulki bidezko gorputz lanketa ikastaroa antolatu du Berrobi Bizia ekimenak. Etxean egiteko moduko ariketa fisiko errazak, arnasketak, luzatzeak eta norbere buruari eman ahal izateko masajeak dira bertan landuko diren gaiak, besteren artean. Karmele Gurrutxaga psikologo eta oinarrizko funtzio psikologikoen lanketan adituak eskainiko ditu saioak.

Gaur egungo bizi estiloak eta ohiturek arazo jakinak sortutako arazo fisikoei begira jarriko da Karmele Gurrutxaga Berrobin. Ez bakarrik arazo fisikoei begira, dena den, oinarrizko funtzio psikologikoak landuko baititu. «Oinarrizko funtzio psikologikoak norbere burua zaintzearekin zuzenean lotuta daude. Funtzio horiek dira arreta, gorputza eta norbere burua sentitu eta jabetzea, pentsamendua, hizkuntza...». Helburua beraz, bakoitzak bere gorputzaren kontzientzia hartzea izango da: «Bakoitzak baitaki zer duen gustuko eta zer duen beharrezko eta horren arabera motibatuko ditut ariketa zehatzak proposatuz, horrela errazagoa baita».

50 urtetik gorakoei zuzendutako zortzi saioko ikastaroa da Gurrutxagak eskainiko duena eta lehen saioetan parte hartzaile bakoitzaren «maila fisikoaren gailurra» non dagoen ikusiko dute. «Horrek esan nahi du erabiltzen ditugun giharrak 'ahaztu' egiten ditugula nolabait, eta nik horiek biguntzen eta aktibatzen lagundu nahi dut. Pertsona bakoitzaren indarguneak eta zaindu beharko lituzkeen beste guneak zaintzen lagundu nahi dut. Izan ere, askotan mina izaten dugunean konturatzen gara hor daudela, baina minera iritsi gabe ere, alderdi motelagoak identifikatu ahal dira eta hori egingo dugu ikastaroan», esan du Gurrutxagak.

Indarguneak eta hobetu beharreko guneak identifikatuta norberak bere kabuz egin ahal izateko ariketak zehaztu ahal izango dituzte eta hori egiteko oinarria eskainiko die psikologoak.

Bizi estiloa aipatuta gaur egun, eserita ordu asko ematen direla aipatu du Gurrutxagak eta horregatik erabili du aulkiaren kontzeptua ikastaroa izenpetzeko. «Eserita denbora asko pasatzen dugu eta eserita gauden horretan gure posturak ez dira egokienak. Ideia nagusienak dira, batetik, gorputzaren kontzientzia hartu behar dugula eta nola egin daiteke hori? Erlaxatzeak eta aktibatzeak bultzatuz, luzatzeak eginez eta baita hainbat tonifikazio ariketa eginez ere, horrela mugitu beharreko hainbat gihar mugituaraziz». Horretarako hainbat material eskainiko ditu: pilatesean erabiltzen diren pilotak, tonifikazio zintak... eta baita musika ere. «Musika ez aerobic moduko bat egiteko, baizik eta laguntzeko, animo gehiago emateko, erlaxatzeko...».

Norbere buruari eman ahal izateko masajeak ere landuko dituzte. «Elkarren artean masajeak emateko hainbat oinarri landuko ditugu. Batez ere, oinaren azpian eman ahal diren masajeez ari naiz. Etxean telebista ikusten ari garen bitartean egin daitezke oinak pilotaren gainean jarrita. Oso gauza erraza da eta atsegina izateaz gain, norberari bere gorputzaz jabetzeko aukera emango dio».

Lehen saioa apirilaren 19an izango da eta ekainaren 7a bitarte zabalduko da ikastaroa. Saio guztietan ariketa finko batzuk egingo dituzte, «gorputza nola dugun ikusteko, eskaneo moduko bat izango da bai giharren mailan eta baita artikulazioei dagokienez ere. Luzatzeak ere egingo ditugu, jarduera ixteko».

ARAZO OHIKOENAK

50 urtetik gora belaunetatik aldakak bitarteko arazo edo minak ugaldu egiten direla dio Gurrutxagak eta horregatik hori eta bizkarra landuko ditu, «modu orokorrean». «Ez nuke nahi fisioterapia saio baten pareko zerbait egin. Modu orokorrean ariko gara eta pertsona bakoitzaren alde ahulduak, aurretik identifikatuko ditugun horiek, landuko ditugu», gaineratu du.

Sorbalda eta lepoa saio guztietan landuko dituzte «esperientziak erakutsi didalako gehienetan badagoela beharra. Gure estresarekin eta gure bizitzeko moduarekin lotuta daude sorbaldan eta lepoaldean ematen diren arazoak, gure ahulgunea da», azaldu du.

FITXA

  • Izen ematea. Apirilaren 10a bitarte, www.berrobibizia.eus webgunean edo 943 68 32 94 telefono zenbakian.
  • Salneurria. 25 euro.
  • Ikastaroaren egunak. Apirilaren 19 eta 26an, maiatzaren 3, 10, 17, 24, 31 eta ekainaren 7an.
  • Ordutegia. Ostegunetan, 11:00etatik 12:30era.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!