Kirol jarduera hutsa baino gehiago da 'Nire buruari erronka'

Rebeka Calvo Gonzalez 2018ko ots. 7a, 18:46

15 asteko programa berezia landuko dute datozen hilabeteetan Berrobin Ibin Kirol Klubaren eskutik; zabalik dago izen ematea

Berrobiko Ibin Kirol Klubak Nire buruari erronka programa landu nahi du herrian. Entrenatzaile pertsonal baten laguntzarekin landuko dute, baina programa kirola egitea baino askoz gehiago da, modu integral batean osasuntsu egoteko gakoak emango baititu Maider Mendizabal anoetarrak.

Izen ematea zabalik dago jada www.berrobibizia.eus webgunean edo ibinkirolkluba@gmail.com helbidera idatzita eta programaren nondik norakoak azaltzeko bilera egin zuten pasa den astean.

Elustondok azaldu duenez, 20 bat pertsona elkartu ziren, bai herrikoak bertakoak eta baita kanpokoak ere. «Programaren azalpen moduan kirola, elikadura eta burmuina nola landuko diren azaldu ziguten programaren arduradunek. Hasieran hitzaldi batzuk izango ditugu eta beste bizpahiru egunetan ariketen azalpenak emango dizkigute», esan du.

Programak 15 asteko iraupena du, baina entrenatzailea ez da beti Berrobin izango, bera hilean hiruzpalau aldiz joango da partaideekin biltzeko, eta orduan bai, orduan ariketa fisikoak egingo dituzte, era berean bizitzaren inguruan hitz egingo dute eta azkenik, Bide Ona elkartean bilduko dira sukaldatu eta afaltzeko. «Programan parte hartu nahi dutenei txosten bat emango zaie eta bertan egunero landu beharreko zenbait kontu egongo dira; egunero egin beharreko ariketak edo ohitura aldaketak, elikadurari begirako aholkuak eta eguneroko autoebaluazioa egiteko gakoak», esan du kirol klubeko kideak.

WEBGUNEA

Txosten horrekin batera parte hartzaileek webgune baterako sarbidea izango dute eta bertan bideo ugari izango dituzte eskura. Urtebeteko programaren agenda bat ere eskuratuko dute.

Parte hartzaileak beraz, entrenatzailearen aholkuak jasoko dituzte eta honek jarraipena ere egingo die, telefonoz edo sare sozialen bidez, eta harekin bilduko dira tarteka. «Asmoa beraiek ez daudenean programa parte hartzaileek euren kabuz egitea da, ahal dela, batera», esan du.

Ibin Kirol Klubeko kideak oso pozik daude bileran jasotako informazioarekin, «programa oso aberatsa dela ikusi genuen». Programaren salneurria ahal den merkeena izatea nahi dute eta horregatik parte hartze handia izan nahi dute. Berrobitarrek gainera, kostuaren %15eko laguntza jasoko dute.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!