«Hizkuntzari dagokionez ahalegin berezia egin dut hika sartzeko»

Rebeka Calvo Gonzalez 2018ko urt. 18a, 08:00

Ramon Olasagastik Zarauzko Udalaren Lizardi saria irabazi du Sasiolako errotaria ipuinarekin; gazteei zuzendutako abentura eta misterio istorioa da idatzi duena eta apirilaren 23rako egongo da kalean.

Kazetaritzatik itzulpengintzara egin zuen salto Ramon Olasagastik (Berrobi, 1972) eta horrek, sormenerako tartea ere ireki dio. Haur eta gazte literaturan dabil erosoen, nahiz eta bestelako lanak ere ez dituen baztertzen. Zarauzko Udalak antolatzen duen Lizardi saria jaso berri du Sasiolako errotaria ipuinarekin, eta ez da lehen aldia; 2014an ere sari bera jaso zuen eta Sugaar ipuina argitaratzeko aukera izan zuen. Gazteei zuzendutako ipuinak intriga eta misterioa ditu ardatz, eta eskola jazarpenari buruz ere hitz egiten du.

Zein istorio kontatzen duzu 'Sasiolako errotaria' liburuan?

Kontakizunaren asmo nagusia, misteriozko edo intrigazko ipuin bat idaztea izan da. Asmo horrekin abiatu nintzen eta asmo horren barruan, gero, testua idatzi ahala konturatu nintzen sakonean bazegoela beste gai bat ere; garai batean ez genion izenik jartzen eta gaur egun, bullying esaten zaio. Belaunaldiz belaunaldi errepikatu den zerbait da, umeen eta gazteen arteko harremanetan beti egon den zerbait, beti egon da batzuk besteei gailentzeko nahia. Harreman horietan beti egon da presente batzuk baztertuago egotea edo gehiago lotsatzea, eta beste batzuk aldiz, gehiago nabarmentzea. Gai hori ipuinaren egituran dago, baina funtsean esango nuke misterio gai bat dela sakonean dagoena. Misterio eta intriga horren barruan herri txiki guztietan dagoen etxe abandonatu bat dago. Etxe zaharkitu bat, utzia... umeen arreta, beldurra eta erakarmena pizten dituena. Sasiolako errota horixe da; herriko gazteen erakarmena eta beldurra pizten dituen etxe zahar bat. Batetik, Ander izeneko mutiko bat dago, lehen pertsonan kontatzen du gertatzen zaiona, eta herriko beste mutiko batzuek, batez ere, mutikoak baitira, mehatxatu egiten dute: Sasiolako errotara eramango haugu eta ikusiko duk hango mamuarekin zer gertatuko zaiken. Hor bi plano tenporal daude baita ere; batetik, gaur egungoa, Anderren ikuspegitik kontatutakoa, eta, bestetik, gure aiton-amonen garaikoa, XX. mendeko erdialdekoa, gutxi gorabehera. Gure aiton-amonen garai horretan ere gaztetxoen arteko harreman horri lotutako gertakari ilun bat dago eta pixkana-pixkanaka bi plano horiek uztartzen edo bateratzen joango dira, eta Sasiolako errotaren inguruan dagoen misterioa argitzen joango da.

Gazteei zuzendutako ipuin beltz bat da, beraz?

Jakin-mina pizten du jakiteko ea Sasiolako errotariaren inguruan zer gertatu zen. Nahi hori pizteko idatzitako ipuin bat da. Ez nuke esango beltza denik, baina badu intriga pixka bat.

Eta ez da haur literatura ere.

Nik esango nuke 12 urtetik gorakoei zuzendutako ipuina dela.

Gazteei zuzendutako lehen lana da, beraz. Zer moduzko esperientzia izan da?

Ez nuke esango haurrei eta gazteei zuzendutako lanak desberdinak direnik. Sugaar idazten asko gozatu nuen eta orain ere asko gozatu dut. Oraingo honetan aita ospitalean denbora luze samar batez egon da eta bestelako lanak alde batera utzita, tartea izan dut honi eskaintzeko. Idazten hasi eta gozatu egin dut, prozesua bera oso polita izan da. Lehiaketara bidali aurretik seme zaharrenari eman nion irakurtzeko, noiz edo noiz erakusten dizkiot idatziak, bere erreakzioa ikusi nahi nuen eta. Eta ikusi nuen bi egunetan gustura irakurri zuela, istorioak harrapatu zuen eta horrekin poztuta eta animatuta, Lizardi sarira bidaltzea erabaki nuen.

2014an 'Sugaar' argitaratu zenuen, hori ere Lizardi sariari esker, eta pixka bat beranduago iritsi zen 'Ipurtargien herria' (Elkar, 2014). Sormenari lekua egiten ari zara...

Bai, baina egia esan azken urteetan ez dut sormenarentzat tarte handirik izan ere, itzulpengintzan lan olatu handi samarra etorri baitzen, eta orain berriz olatu hori baretu dela dirudi.

Sariak jasotzea beti izango da pozgarria, eta kasu honetan gainera, lana argitaratuko dute.

Sariaz aparte, hori ere pozgarria da noski, niri pozik handiena horrek ematen dit; zure sormen lan bat plazan ikusteak, argitaratuko dutela jakiteak.

Apirilaren 23an jasoko duzu saria eta ordurako egongo da prest liburua.

Zarauzko ikastetxeetako ikasleen artean banatuko dute eta horretaz gain, liburu dendetan egongo da. Prozesua izaten da Zarauzko Udalak behin saritua nor den argitaratzen duenean, berak egoki ikusten dituen argitaletxeei aurrekontua eskatzen diela, argitaratu ahal izateko. Marrazkilariaren lana eta abar hartzen dituzte kontuan. Aurrekontu horren arabera esleitzen dute lana. Egia esan, azken urteetan uste dut Elkarrekin atera izan dituztela lanak.

Zuk aukeratuko al duzu ilustratzailea?

Normalean egileari galdetzen diote nor izan daitekeen ilustratzailea. Nik ere banuen bat buruan, baina ezin du, eta horri bueltak ematen ari naiz. Sugaar Bruno Hidalgorekin egin nuen eta pozik geratu nintzen. Horretan ari naiz. Nik uste istorioak marrazkera zehatz bat eskatzen duela, egia da ere irakurleei beste zerbait etorri ahal zaiela burura, baina niri behintzat komikietatik gertuko ilustrazioak etortzen zaizkit burura. Komikietan badago aipatu dugun belztasun hori, tartean badago istorio beltz bat, eta marrazkerak ere hortik joan beharko lukeela iruditzen zait, baina hori editorearekin eta abar, denon artean, adostu beharko dugu.

Epaimahaiak euskara goraipatu du, eta ez da lehen aldia, aurrekoan ere 'euskara sanoa' erabili zenuela nabarmendu zuten. Orduan etxeko euskara besterik ez zenuela erabili esan zenuen, saiakera berezirik egin al duzu oraingoan?

Ez, suerte hori dut; etxean amak ez zekien erdaraz, eta aitak erdaraz jakin arren, beti euskaraz hitz egin izan digu. Ahozkotasunetik gertu samarreko euskara erabili dudala esan daiteke, hain justu, horrexegatik, amak ez zekielako erdaraz eta gurasoek baserri giroko euskara zutelako, eta horixe jaso dudalako. Ahozkotasun hori jaso dut eta baliteke ipuinean, oharkabean, hori islatu izana. Horri erantsiko nioke hizkuntza bera lanabesa izan dela niretzat betidanik. Nahigabe uztartu edo josi egiten dira ezaugarri horiek; etxean jasotakoa eta norberak landutakoa. Ez dut ahalegin berezirik egin, jasotako hori islatu dut, besterik ez.

Joan den mendeko eta gaur egungo istorioak kontatzerakoan ba al dago alderik hizkuntzaren erabileran?

Ez, bietan herri txiki bateko giroa eta ahozkotasun hori islatzen dira. Hizkuntzari lotuta egia da ahalegin berezia egin nuela hika sartzeko. Gaur egungo gazteak, baita Tolosaldeko gazteen artean ere, gutxi sumatzen ditut hika hitz egiten, eta guk gure artean hika hitz egiten genuen eta dugu, eta zer esanik ez gure guraso eta aiton-amonek, nahiz eta gero aitak aitonari edo bilobak aitonari zuka hitz egin. Beraien artean beti hika hitz egin izan dute. Hor bai egin dudala ahalegintxo bat eta hika jaso nahi izan dut.

Ahozko tradizioa ere aipatu du epaimahaiak, ahozkotasunean oinarritu izana da beraz, nabarmendu dutena?

Saiatu naiz. Hizkera hori ekartzen saiatu naiz. Aiton-amonen garaiko istorioan, aitonetako bat bertsotan aritutakoa da eta bertso bat ere agertzen da ipuinean eta baita esaera zaharren bat edo beste aitonak bizi zen artean Ander bilobari kontatutako zenbait pasartetan-eta. Zenbait esamolde agertzen dira ipuinean, ahozkotasun horren ondare bezala edo.

Sormen lan horiez gain, itzulpengintzan aritzen zara.

Batez ere, itzulpengintzan aritzen naiz. Denetariko itzulpenak egiten ditut. Lehen kazetaritzan aritzen nintzenean, gehienbat mendiaren inguruan idazten nuen, eta horri lotuta iristen zaizkit enkargu batzuk; azaroan eta abenduan esaterako, buru-belarri aritu naiz Bilbon egiten den Mendi Film Festivaleko pelikula batzuetako azpidatziak egiten, gero Mendi Tourren barruan Tolosan ere ikusiko dira pelikula horietako batzuk. Etxean aritzen naiz lan horiek egiten eta gustura nabil, aukera ematen didalako denbora kudeatzeko, batzuetan behintzat. Lehen baziren Nora edo Euskal Herria aldizkariak, bazegoen lan aukera gehiago kazetaritzan mendiko lan horiek egiteko eta aritzen nintzen horiekin ere, tarteka enkarguren bat edo eginaz, baina horiek desagertu ziren, eta geroz eta aukera gutxiago dago kazetaritzan mendiari lotutako lanak egiteko. Itzulpengintzan ikasten eta gustura nabil eta nire oinarrizko lanabesa hizkuntza izaten jarraitzen du, eta nahiz eta ez izan erabateko sormen lana, polita da, eta gustura nago.

Tartekako mendiari lotutako lan horiek eskertzen dituzu, beraz.

Asko, gainera pribilegio bat da. Mendi Filmeko pelikulen azpidatziak egiteko hauek ikusi ahal izatea pribilegio bat da. Mendiari lotutako lanak egin ahal izatea, gozamena da. Liburuak ere tarteka-tarteka iristen zaizkit gustuko dudan gaiari lotuta, baina itzultzeko baino gehiago zuzentzeko edo orrazketak emateko izaten dira, berrikusteko edo. Horretan nabil. Orain adibidez Elkarreko liburu batekin nabil. Aspertu gabe nabil, egia esan.

Sortzen jarraitzeko asmoa al duzu?

Ipuinekin asko gozatu dut eta ahal den neurrian jarraitzeko asmoa dut. Prozesua bera oso polita da, jolas moduko bat da. Idazten hasi eta behar bada, badut ideia orokor bat, baina idazten joan ahala bideak zabaltzen dira. Ipuin hauetan ere horrela izan da. Ideia nagusi batekin abiatzen naiz, baina gero istorioak berak bide batetik edo bestetik eramaten dit; behar bada, hasiera batean pentsatuta ez zeneukan pertsonaia batek indarra hartzen du edo aurreikusi gabeko pasarte jakin batek. Sormenak badauka zerbait gozagarria dena edo esker onekoa da, lan mekanikoek ez dutena.

Helduen literaturara salto emango al duzu?

Sekulako errespetua ematen dit, eta honekin ez dut inondik nora haur literatura gutxietsi nahi. Baina helduenak beste ahalegin bat eskatzen duela iruditzen zait, intelektualki eta abar. Kazetaritzako lan batzuk ere helduei begirakoak izan ziren Mendiminez liburua edo Manuel Iradiarren biografia bera, baina ipuin liburu bat edo bestelako lan bat, beste zerbait da. Ez dut baztertzen, baina errespetu handia sortzen dit. Oraindik ur handi samarrak iruditzen zaizkit. Garbi dut inoiz heltzen badiot horrelako bati ipuinak idazten jarraitu nahiko nukeela eta, behar bada, egunen batean, ipuin batek ematen dit ipuin bildumatxo bat osatzera, baina oraingoz ez.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!