Ekitaldi sorta Berrobin, San Andres jaiak ospatzeko

Tolosaldeko Ataria 2017ko aza. 29a, 15:00

Ostegunean hasi eta igandea arteko egitaraua prestatu dute; larunbatean herriko antzerki taldeak bat-bateko antzerki erakustaldia eskainiko du.

Sanagustinak eta sanandresak, horiek izaten dira Berrobin ospatzen dituzten jaien bueltako santuak. Lehenak udaran izaten dira eta azaroarekin iristen dira bigarrenak. Azaroaren 30ean izango da San Andres Eguna, eta horren harira abenduaren 3a bitarteko jaiak antolatu dituzte. Festak Ion Ander Izagirre Frontenis Txapelketako finalekin luzatuko dituzte, abenduaren 8an izango baitira azken lehiak.

Egun nagusia ospatzeko erretirodunen bazkaria izango dute Iriarte jatetxean eta eguna bukatzeko haur zein helduei zuzendutako ekitaldiak izango dituzte. Gazteen marrazkirik politenekin jokoa egingo dute eta helduek Jakoba Errekondoren hitzaldia izango dute udal liburutegian. Usurbildarrak bere azken liburua ere aurkeztuko du, Landareak lantzen.

 

EGITARAUA

Azaroak 30, osteguna

13:00. Solastoki Jubilatu Elkarteko bazkide izan ziren hildakoen omenezko meza.

13:30. Tremes-ogia, doan.

14:00. Erretirodunen bazkaria Iriarte jatetxean.

18:00. 12 urte arteko haur eta gazteek egindako marrazki ederrenaren bila tailerra, Etxolako haur-txokoan.

19:00. Jakoba Errekondoren Sagardogintzaren istorioak hitzaldia eta Landareak lantzen liburu berriaren aurkezpena, udal liburutegian.

Abenduak 1, ostirala

15:30. Eskolako haur, guraso eta irakasleak kantu jiran aterako dira.

16:30. Haurrentzako merienda, eskolako estalpean.

17:00. Puzgarriak, zongo-bongo barredorea eta bike-looping-a, eskolako estalpean.

23:00. Gazte eta helduei zuzendutako Aroa eta mirariak magia saioa, Asier Kidamen eskutik, Begi-Urdin gaztegunean.

Abenduak 2, larunbata

10:00. Ostegunean egindako tailerraren jarraipena. Bertan jasotako marrazki guztien artean ederrenak aukeratu eta Etxolako haur-txokoko horman tamaina erraldoian margotuko dituzte.

19:00. Match inprobisazioak, Berrobiko antzerki taldearen eskutik, Begi-Urdin gaztegunean.

Abenduak 3, igandea

09:00. Uzturrera ibilaldia.

11:00. Meza.

17:00. Zirku tailerreko ikasleen emanaldia, eskolako estalpean.

18:30. Talo jatea Solastoki tabernan eta erromeria Izer eta Alabier trikitilariekin.

Abenduak 8, ostirala

15:30. Ion Ander Izagirre Frontenis Txapelketako final nagusia.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!