Larunbatean hasiko da Frontenis Txapelketa

Tolosaldeko Ataria 2017ko aza. 16a, 10:15
Iazko irabazleen taldeko argazkia

Iazko urteurren borobila pasata ere indartsu jarraitzen du Berrobiko txapelketa eta 110 bat pilotari ariko dira; mutilen binakako partidekin hasiko da lehia.

Larunbatean hasiko da Berrobiko Jon Ander Izagirre Frontenis Txapelketaren 26. edizioa. Parte hartzaile kopurua zertxobait handitu zen iaz, txapelketaren urteurren bereziarekin batera, baina aurten bikote gutxiagok hartuko dute parte. Txapelketaren arrakasta nabarmena da, hala ere, Euskal Herri guztitik gerturatzen dira Berrobira lehiak erakarrita eta aurten ere asko izango dira frontoian ariko direnak. Mutiletan, binaka, 36 bikotek hartuko dute parte, iaz baino 5 gutxiago; nesketan, binaka, 5k, iaz baino lau gutxiago; mistoetan 6 bikote ariko dira; eta mutiletan binaka, iazko kopurua errepikatuko da eta 15 partaide izango dira.

Ibin Kirol Klubak antolatu du txapelketa eta Iker Elustondo antolatzaileetako batek azaldu duenez, parte hartzearekin kontentu badaude ere nesken gabeziari buelta eman nahi diote. «Iaz ere deia egin genuen neska gehiago animatzeko, baina oraindik ere mutil gehiagok hartzen dute parte, pena da». «Azken hamar urteetako parte hartzea errepasatuz gero, nabari da jaisten ari dela eta pena da hori ere, guztira 110 bat pilotari ariko dira abenduaren 8a bitarte, eta kopuru polita da, baina gehiago izatea gustatuko litzaiguke», gaineratu du.

Berrobiko Frontenis Txapelketan ez dituzte sari ekonomikoak ematen eta hala ere, asko dira lehiaketara animatzen direnak eta hori ere seinale ona dela dio Elustondok. «Ospearengatik edo animatzen da jendea eta hori ere oso pozgarria da, giro ona izaten dugu eta parte hartzea beste modu batera saritzen dugu», esan du. Helburua bera baita azken 26 urteetan, «jaialdi polita egin eta herrian giroa sortzea. Lehen hiru sailkatuek txapela eta kopa jasoko dute; finalerditara iristen direnei finaleko egunerako afari batera gonbidatuko diete; eta finala ikustera joaten diren parte hartzaile guztien artean txartelak zozkatuko dituzte.

Larunbatean eta igandean jokatuko dituzte lehen partidak eta mutilen binakakoak izango dira lehenak. 08:00etan hasiko dira partidak eta 17:15an hasiko da azken partida. Igandean ere egun osoz ariko dira. Finalak abenduaren 8an izango dira.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!