Parrandak botatzeko azken aukera, edo etenik gabeko festen denboraldia borobiltzeko parada. Horixe da San Agustin jaiek eskainiko dutena. Asko dira uda honetan, herriz herri, festaz festa ibiliko direnak, eta guztietan ere beren aletxoa utzi nahiko dute denek. Bada, hilabeteko etapa luze horrek, helmuga Berrobin izan dezake. Horretarako, gainera, egitarau zabala eskainiko dute, azken urteetan bezala.
Egunik garrantzitsuena, San Agustin eguna, astlehenean, ospatuko da. Baina, egun horretaraino ezin itxaron eta, ostiralean hasiko dituzte festak herrian. Goizean goiz, Ibin mendira joan-etorria egingo dute eguerdiko txupinazoaren aurretik, kirol pixka bat egiteko asmoz. Suziria lehertu orduko irtengo dira buruhandiak, eta ondoren ospatuko dira meza eta Eliz-Gaineko toka txapelketa. Jubilatuek, Solastoki tabernan dantza egin aurretik, indarrak hartu ahal izango dituzte, jan aurreko mokadutxoak dastatuz.
Baina, haurrek eta gaztetxoek ere izango dute festan murgiltzeko aukera zabala. Arratsaldean, herri kirol saioa izango dute plazan, baita ondorengo merienda ere. Iluntzean, herritar guztiak eskolako estalpean bilduko dira sabela jakiz eta edariz berdintzeko. Horretarako, trikipoteoa baliatuko dute, elkarrekin eskolara iritsi aurretik. Ostiralari agur esaterako hasiko da, Obanauke taldearen kontzertua.
Ostiralean hamaika jarduera egitearekin nahikoa ez eta, ekitaldiz josi dute larunbata ere. Hilaren 26a goiz eresiarekin hasiko dute, eta eskolako estalpeko paella lehiaketaren aurretik, gorritiren animalien ikuskizuna izango da plazan. Eguerdian, bazkaria egingo dute Bide-Ona elkartean, eta segidan, haur eta gaztetxoek, aurpegiak margotzen ikasiko dute. Arratsaldeko ekitaldi nagusia, bestalde, BerroBINGO-a izango da, herri jolasa baino askoz gehiago bezala izendatua. Gauean, herriko gaztetxoen arteko pilota partidak jokatuko dira Urreburu frontoian, eta jarraian, hiru jarduera daude antolatuta: Krakobia, zumba show, eta mozorro lehiaketa, 'hippieak' gaiarekin.
Igandea eta astelehena, berriz, egun lasaiagoak izango dira, ez behintzat aurrekoak bezain beteak. Hilaren 27an, mezarekin eta haur eta gaztetxoentzako puzgarriekin hasiko dira. Arratsaldean, apar festa ospatuko da, eta jarraian, berriz, Eñaut elorrieta abeslariaren kontzertua. Gauerako uti dute Carlos Javier eta Latin Dziadekek eskainiko duten musika emanaldi lasaia. Astelehenean, oraindik ere, jendeak balaren bat gordeta izango du, festak behar bezala amaitzeko. Trikitixa txapelketaren txanda izango da eguerdian, eta trikiti doinuekin jarraituko dute baita arratsaldeko sagardo dastaketan ere. Iluntzean, zahagi ardoaren txanda izango da, eta Jon Txikiren bakarrizketak entzun aurretik, Joseba, Mirari eta Kristinarekin erromerian dantza egin ahalko da. Hirukote honek, gainera, festei amaiera emateko aukera izango du gauerdian ere.
Ikusi hemen egitaraua.