Frontenis txapelketatik harago

Rebeka Calvo Gonzalez 2017ko uzt. 7a, 12:21

Ibin Kirol Kluba sortu dute Berrobin. Urteroko hitzorduekin jarraituko dute, tartean Frontenis Txapelketa, eta ekitaldi gehiego antolatzeko asmoa dute, tarten hilero mendi irteera bat egitea.

Berrobik badu kirolzaletasuna eta hori urtean zehar antolatzen diren ekitaldietako parte hartzean nabari da. Frontenis Txapelketa izaten da jendetsuena, baina jaietan egiten duten krosera eta bestelako ekitaldietara ere animatzen dira berrobitarrak. Horiek antolatzeko lantalde bat egon da beti, udalarekin elkarlanean, baina lantalde horri forma eman eta kirol talde bat osatzea erabaki dute; Ibin Kirol Kluba. «Frontenis Txapelketaren azken edizioa 25.a izan da eta hor ikusi genuen diru laguntzak eta abar eskuratzeko, lana errazten zuela kluba osatzeak, eta horregatik animatu ginen», esan du Iker Elustondok. Horrekin batera «beste kirol batzuk sustatzeko eta beste jende bat gerturatzeko» helburuz erabaki zuten Ibin sortzea. Lehen ekitaldia apirilean egin zuten, Candanchura joan ziren eskiatzera, baina ordutik hilero-hilero mendi irteera bat egin dute, azkena ekaina bukaeran izan zen eta San Lorentzora joan ziren. «Asmoa hori da, hilero mendi irteera bat antolatzea, eta baita bestelako ekitaldiak egitea ere; Frontenis Txapelketa eta jaietako krosa noski, eta baita bestelako probak ere», esan du Elustondok.

Esku Pilota Txapelketa bat ere egin berri dute lehen aldiz. Lau mailatan banatuta 20 bat pertsonak hartu zuten parte eta ez bakarrik berrobitarrak, inguruko herrietako pilota eskoletako gazteek ere parte hartu baitzuten.

Hurrengo ekitaldia Pirinioetara joateko irteera bat izango da. Uztailaren 15 eta 16an joango dira eta asmoa adin guztietako jendea gerturatzea dela esan du Ibineko kideak. «Bi ibilbide mota antolatu ditugu, errazagoa eta zailagoa. Uztailaren 15ean Aguas Tuertasera joango dira batzuk eta Bisaurinera beste batzuk, eta hurrengo egunean Selva de Ozatik Ibon d'Acheritora joango dira ibilbide erraza egin nahi dutenak eta Castillo d'Achererra besteak». Pirinioetatik bueltan inguruko mendi batera irteera egingo dute eta segituan hasiko dira jaietako krosa antolatzen. «Krosarekin martxan hasi gara eta iraila hasierarako Frontenis Txapelketari heldu beharko diogu», esan du.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!