Adinari tiraka, irudiz josi dute Berrobiko Solastoki taberna

Rebeka Calvo Gonzalez 2017ko mai. 16a, 19:32
Maren Eguesek irabazi du 'Handitzen handitzen'-ekin gazteen mailan. M. E.

Kulturaldiaren barruan Argazki Rallya egin dute laugarren aldiz; Maren Egues, Maialen Aiertza, Marijo Belaunzaran eta Garazi Goenagak jaso dituzte sariak.

Maiatzaren 30a bitarte aurtengo Argazki Rallyan parte hartu dutenen irudiak ikusi daitezke Solastoki tabernan. Aurtengo gaia adina izan da eta leloari jarraiki parte hartzaile bakoitzak bere ikuspuntutik jorratu du gaia. Lan guztiak ikusi daitezke Solastokin, baina sariak banatu dituzte jada. Pasa den igandean egin zuten sari banaketa, Kulturaldiaren barruan egin zuten VI. Udaberriko Azokarekin batera. IV. Argazki Rallyko sariak bitan banatu dituzte: gazteetan Maren Egues izan da garailea eta Maialen Aiertzak bigarren egin du, helduen mailan, Marijo Belaunzaranek eman du lehenengo saria eta Garazi Goenagari egokitu zaio bigarrena.

Kulturaldia ere maiatzaren 30a bitarteko egitaraua du oraindik. Ostiralean, hilak 19, Zerua beti beherago dago poesia musikatua ikusi ahal izango da, 22:00etan, Begi Urdin Gaztegunean. Agurtzane Belaunzaran Kultura eta Euskara zinegotziak azaldu duenez, «aukera polita izango da poesiarekin gozatzeko». Izan ere, errezitaldia Karlos Linazasoro idazle tolosarrak egingo du, eta Jaione Marin gitarra-jotzaileak eta Joxan Goikoetxea piano-jotzaile eta akordeoilaria izango ditu lagun.

Larunbatean, hilak 20, helduen txanda izango da Ardoak ez du hezurrik bezala batailatu duten irteera egingo baitute Kastejoira.

Igandean, Urreburu pilota elkarteak antolatutako pilota partidak ikusi ahal izango dira 12:00etan, frontoian. «Aukera paregabea herriko gaztetxoak pilotan ikusteko», esan du Belaunzaranek.

Kulturaldia pasa den maiatzaren 5ean hasi zen eta orain arteko ekitaldiak giro onean joan direla esan du zinegotziak. «Ekitaldietan jende mordoxka bat bildu gara eta oso kontentu gaude», esan du. Maiatzaren 5ean bertan, Gutik Zura dokumentala ikusi ahal izan zen eta ondoren Jon Maiarekin solasaldia iragarri bazuten ere, azken uneko arazo batzuk direla eta ezin izan zen bertaratu. «Dokumentalarekin gozatzeko aukera izan genuen, hala ere, eta baserri munduko jendea ere gerturatu zen, oso positiboa izan zen», azaldu du Belaunzaranek.

Argazkilaritza ikastaroa ere egin zuten eta ekitaldiak jarraipena izango du ekainean. Izan ere, kamera estenopeika edo pinhole kamera eraiki ahal izan zuten parte hartzaileek, argazkiak bertan muntatutako laborategian errebelatuz. «Oso esperientzia polita izan zen eta gazteenak harrituta geratu ziren. Izan ere, argazki digitalen aroan gaude eta gazte askok ez dute inoiz karreteko argazki kamera bat esku artean eduki, argazkiak nola ateratzen diren eta nola errebelatzen diren ikustean harrituta geratu ziren», esan du. Bertan argazki asko atera zituzten eta horiek guztiak bildu eta erakusketa txiki bat jartzea ere erabaki dute. Ekainean egingo dute hori, behin Kulturaldia amaituta.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!