Bihar da eguna. Urretxu eta Zumarragako Karmakros antzerki taldeak antolatutako Antzezmotz Lehiaketako finala izango da Urretxuko Labeaga aretoan, 20:30etik aurrera, eta bertan ariko dira Berrobiko ordezkariak. Batetik, Arantzazu Rodas ariko da taula gainean finalera pasa baita eta bestetik, bere irakasleak ere, Ester Povedak, zuzendari onenaren saria eskuratu dezake. Ezin ahaztu, euskarazko lan onenaren saria ere jasotzeko aukera duela Aingerutxoak lanak.
Eskualdean ezaguna da jada, Antzezmotzerako prestatutako Aingerutxoak, izan ere, Berrobiko antzerki taldearen estreinako antzezlana da. Iazko San Andres egunez antzeztu zuten berrobitarren aurrean. Taldeko lana izan zen hura, hainbat esketx biltzen zituen, eta Antzezmotzerako lan hartako zati bat aukeratu zuten Rodasek eta Poveda irakasleak. Aurki ikusi ahal izango da lana berriz ere, osorik kasu honetan, Berastegiko Gazte Festetan eskainiko baitute. Udaran Amarozko Antzerki Astean ere eskainiko dute.
Antzezmotz, hirugarrenez
Hirugarren urtez antolatu dute Antzezmotz Lehiaketa Karmakrosekoek. Hiru kanporaketa jokatu dituzte eta bigarrengoan eskuratu zuen finalerako txartela Rodasek. Tetris taldea bezala aurkeztu zen. Aurreko urteetan lau kanporaketa egin zituzten, baina aurten, lehen aldiz, hiru egin dituzte. Aurten gainera, saioak bi ordu lehenago egiten ari dira ikusle gehiago gerturatu asmoz. Hirugarren edizio honetan hortaz, kanporaketa bakoitzerako gonbidatzen duten antzerki taldea amaieran bakarrik atera da, epaimahaia eztabaidatzen aritu den bitartean, eta finalean ere horrela egingo dute.
Sarrera doan izango da, aurreko saioetan bezala, eta sari ugari egongo dira, aurten lehen aldiz, garaikurrez gain, dirua ere partitu ahal izango dute. Besteak beste, 800 euroko lehen saria egongo da eta bigarren egiten duenak 400 euro jasoko ditu.