Bukatu da txapelketa borobila

Tolosaldeko Ataria 2016ko abe. 7a, 10:59

Bukatu da azken urteetako parte hartze zabalena izan duen Ion Ander Izagirre Frontenis Txapelketa. Parte hartzaileen igoera edizio borobilarekin batera etorri da, izan ere, aurten Berrobiko txapelketa ospetsuak 25. urteurrena ospatu du. Haize fina zebilen atzo, baina finaletako partidek ederki berotu zuten frontoia. Sari banaketan Aritz Eskuderok 3 bertso bota zituen eta giro ederrean eman zioten amaiera aurtengoari.

 

Mutiletan, binakakoan, Xabi Goikoetxea eta Ion Jauregi izan ziren garaile, eta bitarikoan Nagore Lizardi eta Xabi Zubiriak irabazi zuten. Nesketan herritarren arteko partida izan zen finalekoa eta azkenean Aran Rodas eta Mireia Leceak irabazi zuten. Mutilen banakakoan Odei Arregik hirugarrenez jantzi zuen txapela.

Parte hartze zabala

Mende laurdena bete du Berrobiko Ion Ander Izagirre Frontenis Txapelketak eta badirudi, edizioa bereziago egiteko antolatzaileek egindako esfortzuak izan duela ordaina, azken urteetako parte hartze handiena izan baitute. Mutiletan binaka 41 bikotek hartu dute parte, nesketan 9 bikotek, bitariko binakakoan 10 bikote lehiatu dira eta mutilen banakako txapelketan 15 partaide aritu dira.

Berrobin sariak "maitasun osoz" prestatzen dituztela esan dute antolatzaileek, baina ez dutela dirurik partitzen. Txapelketa irabazteak, hala ere, ematen du nolabaiteko ospea. Frontenisean aski ezaguna baita Berrobikoa.

Txapelketako lehen hiru sailkatuek txapela eta kopa jaso zuten eta finalerditara iritsi zirenek afari eder bat dastatu ahal izan zuten atzo bertan, Bide Ona elkartean. Era berean, finala ikustera edota jokatzera eta txapeldun izan ez direnen artean 19 bale zozkatu zituzten; Aralar Kirolakerako 30 euroko baleak, Iriarte jatetxean bazkari bat egitekoak, Osin masaje zentrokoak eta baita erosketa baleak ere.

 

Sailkapena

  • Mutilen binakakoa: Xabi Goikoetxea-Jon Jauregi / Manu Oliveira-Xabi Berasategi (30-26)
  • Bitariko binakakoa: Nagore Lizardi-Xabi Zubiria / Aran Rodas-Yeray Otaegi (30-26)
  • Nesken binakakoa: Aran Rodas-Mireia Lecea / Mirari Jauregi-Oihane Vergara (30-11)
  • Mutilen banakakoa: Odei Arregi / Ugaitz Renobales (30-28)

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!