San Agustin Jaiak 2016

Paella lehiaketa, kuadrillak elkartzeko aitzakia

Eneritz Maiz 2016ko abuztuaren 27a

Bezperako ajeak alde batera utzi, eta Berrobiko hainbat kuadrilla pilotalekuan elkartu dira bazkaltzeko paellak prestatzeko.

Txikienek Gorritiren animaliekin gozatu ahal izan dute goizean, eta gurasoek paellak noiz prestatuko zain egon dira. Estilo eta tamaina guztietako paellak prestatu dituzte, eta honezkero kazuela guztiak huts-hutsik izango dira. Kuadrilla bakoitzak bere janaria prestatu du, eta sagardoa, ardoa eta ur freskoa doan izan dituzte bertaratuek.

18:00etan, BerroBINGO egingo dute plazan, eta sari potoloak banatuko dituzte. 22:30ean, berriz, Jon Maia, Beñat Gaztelumendi eta Agin Laburu bertsolariak igoko dira taula gainera Iker Iriartek jartzen dizkien gaiei erantzuteko. Bertso saioaren ostean Krakobiak alaituko du Berrobiko plaza., eta tartean, 01:00etan Mozorro lehiaketa izango da. Gaurkoan Hawaiarrez jantzi beharko dute lehiaketan parte hartu nahi dutenek.

Berrobitarrek bihar amaituko dituzte jaiak. Hona hemen egitaraua:

BIHAR, ABUZTUAK 28

07:00. Ogitarteko jatea Iturriza janari dendan. Eserlekuak eskuragarri egongo dira kanpoaldean.

11:00. Meza.

11:30. Haurrek dantzatutako agurra herritarrei.

12:30. Helduen pilota partidak: Egiguren-Erauskin eta Zubiria-Alberdi; eta jarraian, Urbieta-Altuna eta Santxo-Elola.

14:00. Bide-Ona elkartean bertso bazkaria.

18:30. Anje Duhalderen emanaldia.

20:30. Zahagi ardoa. Mahai eta aulkiak eskuragarri egongo dira. Sagardoa, ura eta ardoa doan txosnan.

21:00. Erromeria Mirari, Joseba eta Kristinarekin.

22:00. Monologoa Ester Povedaren eskutik.

Ondoren. Erromeria.

IRAILAK 10, LARUNBATA

17:00. BerroBIRA: haurren herri krosa eta sari banaketa.

18:00. BerroBIRA: helduen herri krosa eta sari banaketa.

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!