Modaz pasatzen ez den zaletasuna

Berrobiko irakurle kluba jarri dute martxan herriko irakurleen arteko komunikazio sare bat lortu nahian.

Pasa den asteartean, ekainak 28, burutu zuten lehenengo Berrobiko irakurle klubeko saioa. Antolakuntzako kideak oso gustura agertu dira lehenengo saio horrek izandako harrerarekin Berrobi bezalako herri batean. Bost pertsona elkartu ziren Berrobiko udal liburutegian eta Arantxa Urretabizkaiaren Zuri-beltzeko argazkiak liburua aztertu zuten.

Liburuan, autoreak haurtzaroko oroitzapenen bidez, 1947 eta 1960 arteko Donostiako giroa islatu nahi izan zuen liburuan, baina idazleak zehaztu zuen liburua argitaratutakoan kontatu nahi zuena ez zela bere haurtzaroa. Guztia tituluak dioen moduan argazkien bidez kontatzen du, gainera. Lehenengo aukera hau, garbi zuten euskaraz idatzitako liburu bat izan behar zuela. Liburuaren azterketa literarioa egin baino, gaiaren inguruan hitz egin zuten gehiago. Bertaratu zirenen esanetan, liburuan gertatzen zenarekin oso identifikatuta sentitu ziren eta horrek bidea eman zien elkarren arteko istorio ezberdinak kontatzeko eta beraien bizipenak gogora ekartzeko.

DATORREN URTEARI BEGIRA

Aspaldian buruan zuten irakurle kluba sortzeko nahia Berrobin eta azkenik aurrera atera dute honako proiektu hau. Pasa den astean burutu zuten lehenengo topaketa. Aurrera begira, uda ostean saio hauekin jarraitzeko asmoa dutela ohartarazi dute antolakuntzatik.

Hurrengo saioa, irailaren 29an egingo dute. Anjel Lertxundiren Zu liburua aukeratu dute partaide guztien artean hurrengo saioan hitz egiteko. Herriko biztanleen arteko zaletasunaz gozatu eta elkarren arteko harremana sortzeko bidea aurkitu nahi dute irakurle klubarekin. Herriari dinamizazio eta ekintza ezberdinen bidez, mugimendu hori sustatzea da helburuetako bat. Elkarrekin iritziak trukatu eta zaletasun honen inguruko eztabaidak sortuz, elkarren arteko harremanak lortzea, hain zuzen ere.

GAZTEAK IRAKURTZERA

Hilabetean behin elkartzeko gogoz aurkitzen dira eta irakurzaletasunaren afizioa duten pertsona orori irekiak dira honako deialdi hauek. Datorren urteari begira, beste helburu bat ere jarri dute mahai gainean, ume eta gaztetxoentzat ere saioak antolatzeko asmoa baitute. Eta, gogotsu daude etorkizunera begira eta ilusio handiz ekimen hau aurrera eramateko. Herriko irakurle klubak areagotzen ari dira azken urte hauetan zehar eta horren erakusle da Berrobiko irakurleen kluba.

 

Albiste hau ATARIKIDEei esker argitaratu dezakegu. Haiei esker Tolosaldeko albisteak libre, euskaraz eta kalitatez irakurtzen dituzu. Horrela izaten jarraitzeko eman babesa Tolosaldeko Atariari eta ZU ERE IZAN ZAITEZ ATARIKIDE.

BATAK BESTEA DAKAR


EGIN ATARIKIDE!