Irakurle kluba lehen aldiz bilduko da Berrobin

Maier Ugartemendia 2016ko ekainaren 10a

Arantxa Urretabizkaiaren 'Zuri-beltzeko argazkiak' liburua aztertuko dute ekainaren 28an, 15:00etan.

Literaturari beste txoko bat egingo diote Berrobin hil honen amaieratik aurrera. Izan ere, ekainaren 28an, 15:00etan, udal liburutegian bilduko da lehen aldiz Irakurle kluba, Arantxa Urretabizkaiaren Zuri-beltzeko argazkiak liburua aztertu eta komentatzeko.

Irakurle klubetik herritarrei bertan parte hartzeko gonbita luzatu diete, liburuek biltzen eta ezkutatzen dituzten istorioek gordetzen dutena ezagutzeko gonbita eginez: «Letrak, istorioak, historia, hizkuntza, literatura, sormena... eta hainbat gauza gehiago liburuek gordetzen edota erakusten dutena».

Zuri-beltzeko argazkiak liburua 2014an argitaratu zuen idazle donostiarrak. Autoreak haurtzaroko oroitzapenen bidez, 1947 eta 1960 arteko Donostiako giroa islatu nahi izan zuen liburuan, baina idazleak zehaztu zuen liburua argitaratutakoan kontatu nahi duena ez dela bere haurtzaroa. Guztia tituluak dioen moduan argazkien bidez kontatzen du, gainera.

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!