Indarrez beteta ari dira ospatzen Berrobiko Kulturaldia

Maier Ugartemendia 2016ko mai. 18a, 10:14

Irudian, atzoko judo erakustaldia.

Duela astebete hasi bazuten ere, aste honetan bildu dituzte egitarauko hitzordu gehienak Kulturaldian; igandean, V. Udaberriko Merkatua antolatu dute, besteak beste

Atzo, ikasturtean zehar judoa ikasten aritu ziren hamabi urtetik beherako ikasleen erakustaldia izan zen eskolan, eta eskolako gimnasia lekua ikuslez lepo bete zen.

Gaur, berriz, Mikel Ozaita ibartarra izango da liburutegian hizkuntza ekologiari buruzko hitzaldi bat eskaintzen. Saldiasen esanetan euskararen inguruko hausnarketa berri batzuk egiteko gune aproposa izan daiteke: «Ohituta gaude bakarrik entzuten zaharra den, zer garaitakoa den, ikasteko erraza al den edo hizkuntza erabiltzen dutenen kopurua handitzen ala txikitzen ari den. Askotan datu horiek jakitera bakarrik mugatzen gara, eta ez horrek zer eragin izan lezakeen jakitera. Adibidez, euskara zein lotuta dagoen bizi garen inguruneari, euskara galera horrek ingurune hori galtzea dakarrela... Zentzu biribilago batetik hizkuntza ikustea da, eta ez bakarrik momentuko elkarrizketatik aterako gaituen tresna bezala». Jendeari egunero erabiltzen duen tresna horrek zer nolako «garrantzia» duen jakitea gustatuko zaiela uste du Saldiasek.

Horrez gain, ordea, bestelako hitzordu asko ere badituzte aurretik berrobitarrek. Esaterako, igandean, V. Udaberriko merkatua izango da 10:00etatik 14:00etara, eta bertan herriko nahiz inguruko hainbat produktu topatzeko aukera izango da mota guztietako postuetan: bertako produktuak, artisauak, Marokoko gozoak, kuskusa, tea, henna, margolariak, karikaturak, zozketa....

XXVI. KULTURALDIA

Gaur, maiatzak 18

18:00. Mikel Ozaita: Hizkuntza ekologiaren inguruko hitzaldia liburutegian.

Bihar, maiatzak 19

17:30. Gimnasia erritmikoko ikasleen emanaldia.

18:30. Literatur lehiaketako sari banaketa udal liburutegian.

Maiatzak 20, ostirala

10:00 eta 17:00. Eskolako ikasleen musika eta antzerki emanaldia..

22:00. Bakarrizketa saioa, Ester Povedarekin Iriarten.

Maiatzak 22, igandea

10:00-14:00. V. Udaberriko Merkatua.

18:00. Dantza emanaldia.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!