Maiatzak kulturaren ateak zabaldu ditu

Maier Ugartemendia 2016ko mai. 12a, 14:04

Irudian, iazko Kulturaldiko azoka. Aurten V. edizioa ospatuko du Udaberriko Merkatuak.

XXVI. Kulturaldiari pasa den astean eman zioten hasiera Berrobin, hitzaldi batekin; baina, maiatzaren 22ra arte kultur arlo ezberdinak lantzeko hainbat hitzordu izango dituzte.

Kulturaren hilabetea izaten da maiatza Berrobin, orduan ospatzen baitute Kulturaldia. Iaz 25. urteurrena ospatu zuen Kulturaldiak, eta hortaz, ospakizun berezia izan zuten. Hala ere, herritarren eskaerari erantzunez, aurten hilabete batean ekimen gehiegi bateratzea baino urtean zehar banatzea egokiagoa zela eta "zerbait berezia" prestatu dute, baina "dena" maiatzean izan gabe, Igone Saldias zinegotziaren esanetan.

Kultura herritar guztiengana helaraztea da Kulturaldiaren helburua, eta Saldiasen arabera herritar guztiak antolatutakoaren "zain" izaten dira garai honetan. Gainera, normalean udaberri garaiak ere horretarako gonbita egiten du. Arlo ezberdinetako gaiak lantzen saiatzen dira egun horietan: gurasoak, lehen sektorea, haurrak, euskara, bertako produktuak... Hau da, aurtengoan ere "eremu asko barnebiltzen" saiatu dira.

Ekimen horietako askotan herritarrak izango dira protagonista; batez ere herriko haurrak: "Umeek urte osoan zehar eskolaz kanpoko gauza ezberdinak lantzen dituzte, askotan kirola izaten da. Ilusioa egiten dieten zertan dabiltzan erakusteak". Horregatik, judo, gimnasia erritmikoa eta dantza erakustaldia izango dira. Horrez gain, literatur lehiaketa bat ere antolatzen du liburutegiak, eta bertako sari banaketa ere egiten da Kulturaldian.

Duela astebete eman zioten hasiera Kulturaldiari. Nerea Mendizabal psikopedagogoak umeen heziketari buruzko hitzaldi "oso interesgarria" eskaini zuen Saldiasen ustez. Haurren ezartzen zaizkien zigor eta xantaien inguruan duen ikuspegiaren inguruan hitz egin zuen.

Aurrera begira, Kulturaldiari bihar, ostirala, ekingo diote. San Isidro eguneko afaria izango baitute Iriarte jatetxean baserritarrek. Hortik aurrerako egitarau osoa jarraian aurki daiteke, baina aipatu besteak beste, maiatzaren 22an V. Udaberriko Merkatua izango da Berrobin. Denetariko hogei postu inguru aurkitu ahal izango dira bertan: bertako produktuak, artisauak, Marokoko gozoak, kuskusa, tea, henna, margolariak, karikaturak, zozketa... Herritarrek "gustura" hartzen duten eguna izaten da, eta gainera, "mugimendua" sortzen duena. Bertako nahiz ingurukoen produktuak eta artisauak ezagutzeko aukera izaten da. Herriko haurrek ere parte hartzen dute postuak jarriz.

EGITARAUA

BIHAR, MAIATZAK 13

21:00. Baserritarren afaria Iriarte jatetxean.

MAIATZAK 17, ASTEARTEA

17:00. Judo ikasleen erakustaldia Eskolan.

MAIATZAK 18, ASTEAZKENA

18:00. Mikel Ozaita: Hizkuntza ekologiaren inguruko hitzaldia liburutegian.

MAIATZAK 19, OSTEGUNA

17:30. Gimnasia erritmikoko ikasleen emanaldia.

18:30. Literatur lehiaketako sari banaketa udal liburutegian.

MAIATZAK 20, OSTIRALA

10:00 eta 17:00. Eskolako ikasleen musika eta antzerki emanaldia.

22:00. Bakarrizketa saioa.

MAIATZAK 22, IGANDEA

10:00-14:00. V. Udaberriko Merkatua.

18:00. Dantza emanaldia.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!