Adimena eta zentzumenak lantzeko ikastaroak Berrobin

Maier Ugartemendia 2016ko mar. 30a, 11:59

Berrobi bizia ekimenak antolatuta bi ikastaro abiatuko dituzte apirilean; batetik, adinekoek zahartzea aktiboki lantzekoa eta bestea garagardoa etxean egiten ikastekoa

Uzta jaso ahal izateko apirila ereiteko hilabetea dela diote Berrobi bizia ekimeneko antolatzaileek, eta Berrobin ereiteko eta hortaz, ondoren uzta jaso ahal izateko aukera izango da apirilean. Orduan ekingo diete Berrobi biziak antolatutako bi ikastaro berriri.

Batetik, 60 urtetik gorako pertsonei zuzenduta Bizi zaitez bizi ikastaroa gidatuko du Unai Arrieta psikologoak eta zahartze aktiboan adituak. Apirila eta maiatzeko ostiraletan, 11:00etatik 12:30era, Etxolan izango da, eta interesa dutenek www.berrobibizia.eus helbidean edo 943 68 32 94 telefonoan izena eman beharko dute. Ikastaroa erabat doakoa izango da, eta egoera fisikoa nahiz psikoemozionala hobetu nahi duten 60 urtetik gorako pertsona guztiei zuzendua dago.

Ikastaroaren antolatzaileek azaldu dutenez, adinekoen «ongizatea hobetzeko» tailer praktikoa da honakoa: «norberaren balore, desio eta beharrizanak abiapuntu izango dituen bizitza bat izateko, ezinbesteko diren ezagutza, estrategia, teknika eta jardunbideak landuko dira». Helburua, berriz, parte hartzen duten pertsonei egunerokoan «bizitzaren aurrean lagunduko dieten eta ahaldunduko dituzten bitartekoak erraztea» da.

GARAGARDOA ETXEAN EGITEKO

Bigarren proposamena herritar guztiei zuzendua da. Garagardoa etxean egiten ikasteko ikastaroa eskainiko du Igor Oiarbide adituak. Berrobi bizia ekimenak antolatu du ikastaro hau ere, eta apairilaren 9an burutuko da 09:30etik 13:00etara, Bide-Ona elkartean. Partaide bakoitzak 18 euro ordaindu beharko ditu egunean bertan eta partaide kopurua mugatua izango da. Hortaz, izena lehenbailehen ematea gomendatzen dute antolatzaileek, www.berrobibizia.eus web orrian edo 943 68 32 94 telefonoan.

Bakarka, kuadrillan, familian edo lagunekin, gazte nahiz helduak, «aseko» dituen esperientzia bikaina izango dela diote antolatzailek.

Helburua norberak bere etxean garagardoa egitea bada ere, ekainean ospakizun berezi bat antolatzeko asmoa dute Berrobin, eta bertan ikastaroan parte hartu duten herritarrek euren garagardo propioa ezagutzera emateko aukera izango dute. Baina, horretaz guztiaz gain, inguruko beste euskal garagardo-etxe ezberdinak dastatzeko aukera ere izango da.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!