Herriguneko kale eta eraikin publikoetan irisgarritasunari lotuta egon daitezkeen hutsuneak bildu nahi ditu Berrobiko Udalak herritarren laguntzarekin.
Izan ere, udalak dio irisgarritasunarekin «arazo edo gabeziak badirela badakigu». Hori dela eta, gaiari lotutako «egokitze» lanak egin dituzte azken urteetan. Baina, herritarren ikuspegitik ikus daitezkeen «arazo eta beharrak» ezagutzeko herritarren ekarpen horiek berrobikoudala@gmail.com helbidera bidaltzeko eskatu du udalak. Proposamenak egiteko epea martxoaren 15ean amaituko da.
AURREKONTUETAN AURRERA
Udal aurrekontuak ere modu parte hartzailean gauzatu nahi ditu Berrobiko Udalak «ahal den heinean». Horregatik, herritarrei 2016an aurrera eramateko proiektu edo proposamenak udalari helarazteko eskatu zieten.
Guztira hamazazpi proiektu proposamen jaso zituen udalak: «azpiegiturekin lotutakoak, irisgarritasun eta segurtasun gaiak, hondakinen bilketa zerbitzuari buruzkoak, etab.».
Udalak jakinarazi du momentu honetan proposamenak «aztertu eta balorazio ekonomiko bat» egiten ari dela, egingarriak diren eta zeintzuk gauzatu daitezkeen jakiteko.
Hala ere, datozen asteetan batzar ireki bat egingo dela jakinarazi du udalak, eta bertan erabakiko da zein proiektu gauzatuko diren. Gauzak horrela, herritarrak batzar ireki horretan parte hartzera animatu nahi ditu udalak.