Emakumea eta historia landuko ditu Toti Martinez de Lezeak Berrobin

Maier Ugartemendia 2016ko otsailaren 24a

Irudian, Toti Martinez idazlea.

Emakumearen egunaren harira Berrobi bizia ekimenak idazlearen hitzaldia antolatu du gaur, liburutegian


Emakumearen Nazioarteko Eguna izendatu zuen martxoaren 8a, Nazio Batuen Erakundeak 1977an, eta egun horren harira gure eskualdean ere hainbat ospakizun izaten dira. Hain zuzen ere, emakumea eta historia bateratuko dituzte Berrobin, Toti Martinez de Lezea idazleak eskainiko duen hitzaldian, 19:00etan, Berrobiko Udal Liburutegian.

Hainbat galdera utzi dituzte zintzilik antolatzaileek: «Zein da Euskal herrian emakumearen bilakaera historikoa? Kristautasuna baino lehenagoko sinesmenetan, esaterako, zer paper jokatzen zuen emakumeak? Zein ziren sorginak, eta zer dela eta hil zituzten inkisizio garaian?».

Toti Martinez de Lezeak euskal mitologiaren arloan emakumearen presentziaren inguruko lanketa handia egin du, eta Berrobi bizia ekimenaren baitan antolatutako hitzaldi honetan «emakumearen ahalduntzea lantzeko bideak eskainiko dira», horretarako «aurrekari eta bestelako gertakari historikoen laburpena» eginez.

Hitzaldia erabat irekia eta doakoa izango da, baina antolatzaileek eskertuko lukete lehenago izena ematea. Horretarako bi bide daude: 943 68 32 94 telefonoa eta www.berrobibizia.eus web orria.

Bestalde, larunbat honetan Berrobi bizia ekimenak txokolate jatea antolatu du, txurro eta guzti. 17:30ean izango da, Solastoki kafetegian.

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!