Zer egin etxeko lore eta landareak zaintzeko?

Ataria 2016ko otsailaren 16a

Atzo arratsaldean, Berrobiko eskolan izan zen Jakoba Errekondo, etxeko lore eta landarren zaintzari buruz hitz egiten.

Berrobi bizia ekimenaren baitan antolatutako hitzaldia izan zen atzokoa eta erantzun ona izan zuen, hogei pertsonatik gora bildu baitziren, Berrobitik bertatik eta baita inguruko herrietatik joandakoak ere.
Errekondok batez ere herritarrek azaleratzen zituzten inguruko kezkak argitu zituen, eta bide batez, hortik abiatuta landare horien zaintzaren inguruko azalpenak ere eman zituen. Esaterako, atera zen ondorioetako bat izan zen, etxearen barruan izaten diren landareei, askotan ur gehiegi ematea izaten dela arazoa. Errekondoren laguntzaz asko ikasteko aukera izan zuten bertaratu zirenek.

Berrobi bizia ekimena hainbat, hitzaldi, tailer eta ekimen antolatzen ari da azken hilabeteetan herrian, eta hurrengo zita hurrengo larunbatean bertan izango dute.

Txokolate jatea antolatu dute, txurro eta guzti hurrengo larunbatean, hilak 27, 17:30ean, Solastoki kafetegian. Bertara joan nahi dutenek izena emateko eskaera egin dute antolatzaileek. Bi bide daude horretarako: www.berrobibizia.eus web orrian edo 943 68 32 94 telefonoan.

Bestalde, martxoaren 12an ogia egiten ikasteko ikastaroa ere antolatu dute. 16:00etan izango da, Sorone Baserrian eta Ezkio-Itsasoko Goiti Baserriko Luis Mari Amiama okina izango da ikastaroa ematearen ardura duena. Horretarako ere izena ematea ezinbestekoa da, aipatutako bide horietatik.

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!