Lehen momentutik nabari zaio Aritz Aierberi (Berrobi, 1977) ez dela geldirik egoten den horietakoa. Eta bere azken urteetako abenturak entzun eta gero hori baieztatu besterik ez duzu egiten. Izan ere, azken bi urteak Asian, Ozeanian eta Hego Amerikan bidaiatzen pasa ditu Elena Irigoien bikotekidearekin batera. Hala ere, bidaia bat amaitu orduko beste batean pentsatzen hasten dela dio, eta oraingoan ere horrela izan da. Bi urteko bidaiaren ondoren, herrira itzuli eta hilabetera lagun mina duen Julen Belauntzaran berrobitarrarekin batera Afrikara abiatu baita motorrean. Irribarrea ahoan eta esperientzia bizkarrean, ATARIA-ri bere esperientziaren berri emateko tartea hartu du.
Aierberi eta Irigoieni «beti» gustatu izan zaie bidaiatzea. Oporretan izaten zuten hilabetea horretarako aprobetxatzen zuten, baina Aierberen esanetan beti «gogoarekin» geratzen ziren, eta gauza guztiak «korrika eta presaka» ikusten zituzten. Gauzak honela, urtebeteko lan baimena eskatzea erabaki zuten. Urte asko zeramatzaten lanean. Ekonomikoki ere «ondo» zeudela eta «familiarik ez» zutela ikusita, euren ametsa betetzeko momenturik onena zela ikusi zuten. Lanean ere eragozpenik jarri ez zietenez, aurrera egin eta 2014ko urtarrilean euren bizitzako esperientzia ikaragarria hastea erabaki zuten.
Bidaia antolatzen ari zirenean «Argentinatik hasi eta Mexikoraino joatea» zen euren asmoa, baina azkenean asmoak aldatu zituzten: «Denbora asko genuenez eta dirua ere aurreztua genuenez lehenengo Asiara joatea eta gero Hego Amerikara bidaia luzatzea erabaki genuen».
NEPALEN ABIAPUNTUA
Asian lehen geldialdia Nepalen egin zuten eta «izugarri gustatu» zitzaien: «Mendiz josita dago eta jendea oso jatorra da». Bertan lehen oztopoarekin ere egin zuen topo Aierbek ingelesa ez baitzuen menderatzen eta «pilota partida batean bezala» egoten zela dio. Komunikazio arazoak ez ziren jendea ezagutzeko arazo izan, ordea: «Jendeak ez zintuen ulertzen, baina, beti aurpegi ona, eta irribarrea jartzen zizuten».
Bi hilabete egin zituzten Nepalen, eta jada itzultzeko gogoz daude. Hango mendiek emandako aukerarekin hiru trekking egin zituen Aierbek: Anarpurnakoa, Elanbu Trek (Kathmandu iparraldean dagoena) eta Giri (lehen Everestera joateko erabiltzen zen bidea. Egun Kathmandutik Luklamera joaten dira hegazkin txikietan).
Nepaletik autobus bat hartu zuten Varanasira, India iparraldera. Indian izana zen Aierbe, eta eskerrak! Lehen aldiz Asiara joaten den norbaitentzat «gogorra» izan baitaiteke jendea erromesaldian joaten den leku «sakratu» horretara joatea. Hildakoen gorputzak erretzen dituzte bertan: «Duen diruaren arabera egur gehiago erosten du gorputza erretzeko, eta gutxiago bazuten batzuk hankak tapatu gabe zituztenak ikusten ziren». Ondoren, guztiak Ganges ibaira botatzen zituzten. Inguru horretan, hildakoen senideak, animaliak, eta hiltzeko zorian zeuden indiarrak elkartzen ziren.
Indian, bidaiatzeko garraiorik «onena» trena dela dio Aierbek. Hain zuzen ere, herrialdearen iparraldetik hegoalderaino tren batean joan ziren, eta gogoan du trenak «izugarrizko bizitza» zuela.
Motorrean ere bidaiatu zuten Indian. Rishikesh-en Irigoienek meditazio ikastaro bat egiten zuen bitartean, Aierbek hogei eguneko buelta bat egin zuen Kashmir ingurutik, Royal Enfield motor mitiko batekin.
Motorrak izan ziren bidaiatzeko euren garraiobide nagusiak. Hamahiru hilabetetan hogeita bost motor alokatu zituzten. Bidaiatzeko modu «oso merkea» dela dio Aierbek.
INDIATIK THAILANDIARA
Indiatik Thailandiara salto egin zuten, eta «kontrastea» nabaria izan zen: «Autobide handiak, markako kotxeak, zulorik gabeko errepideak...». Bangkokera behe denboraldian joan arren, turista «asko» topatu zituzten. Ko Chang uhartean amaitu zuten Thailandiako ibilbidea. Aierbe gehien harritu zuena jendearen jarrera izan zen: «Jendeak ez dizu hitz egiten, oso urrunak dira. Negoziorako daude. Zer edo zer erosten baduzu orduan hasten dira hizketan».
Kanbodiara joan ziren gero, eta bertan kontrako jarrera topatu zuten: «Muga oinez pasa eta segituan ordubete egon ginen zain, eta Thailandia osoan hitz egin genuenean baina gehiago hitz egin genuen bertako jendearekin». Bizikletan ibiltzeko «oso leku polita» dela gogoratzen du Aierbek, baina denbora asko pasa gabe Laosen dagoen 4.000 uhartera joan ziren. Bertan Mekong ibaia dago. Toki batean asko zabaltzen da eta uharteak sortzen dira, jendea bizi da bertan. Leku polita izan arren, turismo «asko» dago: «Beti jende berarekin elkartzen ginen». Bertan bitxikeria batekin aurkitu zen Aierbe: «Perretxiko asko ateratzen da, eta errepidean motoan zindoazela tela batekin ikusten zenuen jendea, eta hemengo perretxikoen antzekoak saltzen zituzten: onddoak, zizoriak, gibelurdinak...».
Laosetik eta Mekongetik Thailandiako mugara joan ziren itsasontzian berriro, bi egunetan. Motorrean herrialdearen iparraldea bisitatzen ari zirela Jirafa emakumeak ere ikusi zituzten. Nahiz eta zenbait kasutan turistei zuzenduta zeudela ikusi: «Batzuek ireki eta ixten ziren uztaiak jartzen zituzten». Handik Myanmar-era, Indiaren «antza» duen herrialdea Aierberen esanetan. Bertan gatazka ezberdinak daude, baina esaterako tenplu asko dauden Bagan herria azpimarratuko luke Aierbek.
Vietnamera egin zuten hurrengo saltoa. Motoan iparralde osoa zeharkatu zuten eta hilabeteko epea zuten bertan egoteko, baina denborarik ez ziela emango ikustean, eta hotel bateko nagusiaren bitarteko lana tarteko Danimarkako gazte bati saldu zion. Autobusean bidaiatzen jarraitu zuten: «Turismo asko dago, eta turistei zuzenduta dagoen autobusak daude, lo egiteko aukerarekin eta guzti». Baina leku turistikoetara «bakarrik» joaten zirenez ez zitzaien gustatu. Indonesiako Sulawesi irlan «arrantzale nomadak» ezagutu zituzten, eta eurak arrantzan ibiltzen ziren itsasoan esnorkela egiten zuten Aierbek eta Irigoienek: «Oso bitxia zen. Dortokak, arrainak kolore guztietakoak, gingilak... Izugarrizko bizia zegoen uraren barruan».
GABONAK ERE BIDAIATZEN
Asiako bidaian aldaketa handienak Zeelanda Berrian izan zituzten. Hegoaldeko uhartea alokatutako furgoneta batean ezagutu zuten eta «txikia da eta oso polita» dela dio Aierbek.
Handik berriro Indonesiara itzuli ziren, Balira eta handik ondoan dauden uharte batzuetara joan ziren (Trawangan, Meno eta Gili Air). Eguberriak bertan pasa zituzten eta Euskal Herriko ardi beltz batekin ere topo egin zuten: «Kaleargi batean ardi beltzaren pegatina bat ikusi nuen, kotxeetan egoten direnetakoa. Bertan jartzen zuen Bungalows Antton, eta pentsatu nuen hau euskalduna izango da seguru! Uhartea txikia zen, eta egun batean aurkitzera joan nintzen. Donostiako mutil bat zen, bere neskarekin han bizi zen». Gainera, lagun komuna ere bazuten.
Flores uharteraino iritsi ziren hurrena. Bertan Comodoro Dragoia ikusi zuten: «Musker erraldoi bat da, mingaina sugea bezala ateratzen duena. Bakteria pila bat omen dauzka mingainean eta ukituz gero hil egiten da animalia».
Urte zahar gaua nazioartekoa zen itsasontzi batean pasa zuten, herrialde ezberdinetako jendea baitzegoen eta urte berria «behin baino gehiagotan» ospatu behar izan zuten. Asiako azken geldialdia Filipinetan egin zuten eta handik «penaz» itzuli ziren.
DENBORA GUTXI ETXEAN
Etxera inauterietan itzuli ziren, eta parranda batzuren ondoren, Hego Amerikara egin zuten salto beste urtebeterako: «Itzultzerako hegaldia hartuta genuen Kubara joateko».
Kubako bidaia bizikletan egin zuten eta bidaiatzeko modu «oso erraza» dela uste du Aierbek. Gainera, turismoarekin «tratu gutxi» duen jendearekin elkartzeko aukera izan zuten eta bertakoak «oso oso jatorrak» zirela dio Aierbek. Lotarako lekua aurkitzen ere ez zuten arazorik izan.
Cancunera ere eraman zituzten bizikletak eta Rivera Maya bisitatu zuten kostaz. Baina, errepide txarren eta zirkulazioaren ondorioz, bizikletak «aitona zelebre bati» utzi eta motxilarekin bidaiatzen hasi ziren. Bertan lurra krastikoa denez, lurrean ura duten zuloak aurki daitezke eta «jendea bertan bainatzen da». Hala ere, politenetara joateko «asko ordaindu» behar dela dio Aierbek: «Horrela bidaiatzen duzunean normalean ez zara turistak joaten diren lekuetara joaten, aurrekontua mugatua da».
Bidaian ikasi duen gauzetako bat «itxaropen handiak» ez egitea dela dio Aierbek, batzuetan ezusteko txarrak jasotzen direlako. Baina, Chiapasetik Oxacara joan zirenean, «alderantzizkoa» gertatu zitzaien: «Ez nuen itxaropenik eta kosta Pazifikoarekin harrituta geratu nintzen». Lekua hainbeste gustatuta astebeterako joan eta hilabete pasa zuten bertan. Itsasoko arrantzan ikasi zuen Aierbek.
GUATEMALAKO KOLOREAK
Gero Guatemalara joan ziren eta bertan «kristoren kolorea» zegoela du gogoan Aierbek. Horrez gain, altuera handiko herrietan ibili ziren, 3.000 metro ingurukoetan. Tikaleko oihaneko aztarnak bisitatuta Hondurasera egin zuten salto: «Mayen aztarna asko ikusi genituen». Mexikokoek fama duten arren, Tikalekoak eta Copanekoak «askoz politagoak» direla uste du Aierbek. Bi leitzarren bisita izan zuten eta guztiak Karibeko Utila uhartera joan ziren astebeterako.
Nikaraguan surflarientzat «oso ezaguna» den San Juan del Sur inguruan ibili ziren. Hala ere, bertan denbora gutxi egin zuten eta Costa Rica eta Panama autobusez zeharkatuta hegaldi bat hartu zuten Kolonbiara, Bogotara. Oihanean ibili ondoren Ekuadorreko Quito hiriburua eta Pazifikoko kosta pasa zituzten, baina «eguraldi txarra» izan zuten.
Amazonas ibaian ibili eta gero Perura iritsi ziren, Napo ibaian itsasontzian ibili ziren bost egunez: «Pucalpa-raino joan behar genuen. Ez ziren kilometro asko, baina euririk ez zuen egiten eta ur gutxi zegoen, beraz, bueltaka joan behar zuen, S-ak egiten». Amaieran autobus bat hartu eta Limara joan ziren, Peruko hiriburura. Bertan argentinar eta brasildar askorekin egin zuten topo eta eurengandik asko ikasi zutela dio Aierbek. Bidaiatzen ere «ikasi» egiten dela dio, herrialde bakoitzean galdezka «momentuko» informazioa jasotzen duzulako eta Liman ere «horrela informazio asko atera» zuten.
Chile «oso polita baina oso turistikoa» polita dela dio Aierbek. Handik Argentinara joan ziren, nahiz eta lehen ere bisitatua izan. Argentinarrekin «izugarrizko harremana» egin zuten.
AZKEN GELDIALDIA
Bisitatu zuten azken herrialdea Bolivia izan zen. Ordura arte tour askotik ez zutenez egin, iparraldetik lau egunetako ibilbide bat egitea erabaki zuten. Bolivia «oso leku berezia» dela dio Aierbek: «magikoa». Bisitatu zuten leku magiko horietako bat Titicaca aintzira izan zen: «4.000 metrotara dago. Ontzian ibil daitekeen lakurik altuena da. Eguzkiaren eta ilargiaren uharteak daude; lehenera joan ginen eta oso polita zen, garestia, oso magikoa, nekazal girokoa, oso indigena da».
BIDAIAREN BALANTZEA
Guztira bi urte pasa dituzte bidaiatzen Aritz Aierbek eta Elena Irigoienek; hamahiru hilabete Asian eta bederatzi Hego Amerikan. Bi herrialdeen arteko desberdintasunei buruz galdetuta, Asia «exotikoagoa» dela dio Aierbek. Bereziki desberdinak erlijioa eta janaria direla uste du. Aldiz, Hego Amerikan erlijioari dagokionez «kristauak» daudenez, «gauzak ospatzeko antza gehiago» dutela dio. Amerikan, harrigarriena «autobusetan sortzen den giroa» egin zitzaion; jendea sartu-irtenean ibiltzen zelako erretolikak botaz, gauzak salduz, kantatzen... Hala ere, bi herrialdeetan antzekotasunak ere aurkitu dituzte: «Konturatu gara, bietan aurpegiera oso antzekoak dituztela».
Bietako bat aukeratzea «oso zaila» egiten zaio Aierberi. Baina, bizitzeko leku bat aukeratu beharko balu Mexikora joango litzatekeela dio, Pazifikora.
Esperientzia luze horretan «lagun asko» egin dituzte, batez ere turista «asko» ezagutu dituzte, «mundu guztikoak»; nahiz eta lekuan lekuko jendearekin ere arazorik ez duten izan.
ATSEDENIK GABE AFRIKARA
Hego Amerikan zegoela lagun min batek, motor bat erosi zuela eta Afrikarako bidaia prestatzen ari zela eta bidaiara gonbidatzen zuela esan zion Aierberi. Buelta batzuk eman ondoren, eta hilabete inguru Euskal Herrian igaro ondoren, urtarrilean ekin zioten motorrean lau hilabete inguruko bidaiari.
Espainia eta Maroko zeharkatzea da asmoa: «Eguraldi ona badaukagu turismo pixka bat eginez, eta bestela nahiko zuzenean». Mauritania, Senegal, Burkina Faso, Ghanara eta Boli kosta bisitatzea da asmoa.
Bidaia amaitzean bi urtetan «lau kontinente» pasata izango ditu. Oraingoa «abentura handiagoa» izango delakoan dago, bidaia motorrean delako, zeren aurreko bidaietan «dena oso erraza» izan dela dio.
Hala ere, ez pentsa bidaiatzeko gogoa amaitzen ari zaionik Aierberi. Bidaiatzen «gustura» jarraituko lukeela dio, nahiz eta lehenik «lan pixka bat» egin beharko duen. Edonola ere ziur hurrengo helmuga buruan izango duela Euskal Herrira iritsi baino lehen ere.