Aurrekontuetan parte hartzeko aukera dute berrobitarrek

Maier Ugartemendia 2015ko abe. 17a, 10:35
Errepide nagusiak zebrabide altuak eta semaforo bat jarri dituzte ibilgailuen abiadura geldotzeko

Berrobiko herritarrek aurrekontuaren zati bat zertan gastatu erabaki ahal izango dute

Berrobiko Udala 2016ko aurrekontuak prestatzen ari da, besteak beste. Eta hain zuzen ere, aurrekontuak osatzeko herritarren parte hartzea eskatu du udalak.

Iñigo Aierza alkateak azaldu bezala iaz izan zuten lehen aldiz herriko aurrekontuetan parte hartzeko aukera. Iaz 34.000 euro gastatu ziren eta hiru proiektu gauzatu ziren herritarrek egindako proposamenetatik: «Ermitako gasifikazioa, Soronea auzoan brea botatzea eta auzo berean baldosak jartzea».

Aurten ez dakite ziur «zenbateko» diru poltsa izango duten herritarren esku jartzeko. Izan ere, eskolako patioa estaltzea izango da udalaren «proiektu nagusia» aurten, eta oraindik zehazteke dago zenbat kostako den. Baina, herritarren eskuragarri egongo da aurrekontuaren zati bat.

Herritarren proposamen eta iradokizunak bildu nahi dituzte: «Zer behar ikusten dituzten». Eta proposamen horiek arlo ezberdinetakoak izan daitezke: azpiegiturak, zerbitzuak, kultura, euskara, ingurumena, etab.

Proposamen horiek egiteko bi bide zabaldu dituzte: 2016aurrekontuak@gmail.com helbidea edo idatziz udaletxean. Abenduaren 18ra bitarte egongo da aukera proposamenak egiteko. Behin jasota, udalak «aurrekontuak» eskatuko ditu proposamen horietarako. Zer kostu duten ikusita, «denen artean» erabakiko dute zeintzuk diren «beharrezkoenak» eta hortaz, zeintzuk egin.

Parte hartzeko aukera honekin herritarrak udalera gerturatu nahi dituzte, eta erabakiak denen artean hartu. Horregatik, Aierza herritarrak proiektu honetan parte hartzera «animatu» nahi ditu; hori baita eskaerak egiteko esparrua.

Abiadura geldotzeko lanak

Beste parte hartze prozesu batetik abiatuta sortu zen errepide nagusian abiadura geldotzeko eskaera eta proiektua, eta lanak ia amaituta dituzte: «Zebrabide altuak jarri dituzte, argiteria zebrabideen gainean eta herriaren sarreran dagoen semaforo bat jartzea falta da».

Eskaera hori aspalditik jasoa zuen udalak, kotxeak «abiadura handian» pasatzen baitziren bertatik, eta «zortez» istripu larririk izan ez badute ere arriskua gutxitzeko beharrezko lana zela ikusten zuten.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!