Herriko patroiaren omenezko ospakizunak asteburuan

Argazkia: Agurtzane Belauntzaran

San Andresetan urtero «zerbait berezia» egiteko ohitura dute, Berrobin

San Andresak ospatuko dituzte Berrobin asteburuan. Igone Saldias zinegotziak azaldutakoaren arabera, «duela urte batzuk» festak udara pasatzea erabaki bazen ere, eta ordutik San Agustinak ospatzen badituzte ere, elizaren eta eskolaren izenek adierazten duten bezala San Andres da Berrobiko patroia. Horregatik, San Agustinak «modu bereziagoan» ospatzen badituzte ere, urtero «zerbait berezia» egiten da San Andresetan ere, eta ohitura hori «ez galtzen» saiatuko direla dio Saldiasek.

Santuaren eguna astelehena bada ere, ospakizunak asteburuan bildu dituzte. Larunbatean krosaren inguruko ekimenak izango dira. XIII. edizioa da aurtengoa eta heldu nahiz haurrei zuzenduta dago. Egun horretan giro berezia sortzen da herrian, Saldiasek dioen moduan «askotan herritarren artean apustuak» sortzen dira, «normalean korrika ikusten ez den jendea» entrenatzen ikusten da...

Hain zuzen ere, giro hori aprobetxatuz eta «herritar baten proposamenari» kasu eginez, afari bat izango da krosaren ondoren. Honela, festari «jarraipena» emango diote, eta afaltzen antolatzaileak, korrikalariak nahiz herritarrak bilduko dira.

Igandean, berriz, erretirodunei zuzenduta meza eta bazkaria izango dira. Bazkaria amaituta eta iluntzea gerturatuta, «herritar talde batek» taloak prestatuko ditu. Iaz egin zuten lehen aldiz talo jatea. Ekimen «polita» izan zenez eta «jende asko» mugitu zuenez aurten ere errepikatzea pentsatu dute.

EGITARAUA

AZAROAK 28, LARUNBATA

16:00. Umeen krosa.
17:00. Helduen krosa.
18:00. Sari banaketa.
21:00. Afaria Iriarte jatetxean.

AZAROAK 29, IGANDEA

11:00. Meza nagusia.
13:00. Erretirodunen bazkaria, Solastokin.
18:00. Talo jatea Solastokin, trikitilariek alaiturik.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!