Antzerki talde bat osatzeko lehen pausoak ematen ari dira Berrobin

Izena emateko epea zabalik badago ere, «gustura» daude orain arte herritarrengandik izandako erantzunarekin

Berrobiko Udala herrian helduentzako antzerki talde bat osatzeko asmotan dabil, eta horregatik interesa duten herritarren artean izena emateko epea zabaldu dute. Igone Saldias zinegotziak azaldu duenez «urte askotan» herritarren buruan ibili den ideia bat da, baina aurten lehen aldiz taldea sortzeko hasiera ematea erabaki dute.

Oraindik izena emateko epea zabalik dago, eta hortaz, taldea «osatzea» falta zaie, baina jada izena eman duten herritar kopurua ikusita taldea aurrera aterako dela badakite. Espero zuten baino herritar «gehiagok» eman dute izena.

Antzerki taldearekin herri giroa sustatzea dute helburu. Izan ere, Saldiasen ustez gaur egun herri txikietan maiz «zaila» izaten da «herriko gauzetan inplikatzea eta elkarrekin erlazionatzea». Horregatik, ekimen honek beste bide batzuk ireki ditzakeela uste du: «Aukera ematen du beste modu batera komunikatzeko aukera ez daukazun jendearekin erlazioak bideratzeko, talde horretatik afariak edo bestelako proiektuak ateratzeko. Herrirako oso aberasgarria izan daitekeela uste dut».

Antzerki emanaldia buruan

Proiektua aurrera ateratzeko herrian bertan bizi den Ester Povedaren laguntza profesionala izango dute Berrobin. Lehenengo urtea izanik eta esperientzia falta dela eta, ekimena «egi bihurtzeko» laguntza aproposa izango dutela uste dute.

Aipatu bezala, izena emateko epea zabalik badago ere, hurrengo astetik aurrera taldekideak biltzen hastea, eta urtarrilean lanean hastea espero dute. Taldean «ahalik eta  dibertsitate gehien» egotea da asmoa.
Proposamena berria da, eta horregatik herritarren erantzuna nolakoa izan den ikusita «oso pozik» daude Saldiasen esanetan.

Taldean lanean hasita gaia landuko den arren, helburua antzerki emanaldi bat prestatzea litzateke. Printzipioz buruan darabilten data «egokiena» kultur hilabetea litzatekeela uste dute. Hala ere, oraingoz data finkorik izan ez arren, antzerkia osatua dagoenean herritarrei aurkeztea da asmoa: «Hilabetea gutxienekoa da, antzezlana polita izan dadila».

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!