BerroBIRA izenarekin dator aurtengo herri krosa

Asier Imaz 2015eko azaroaren 25a

Izena aldatuta dator Berrobiko Herri Krosa. 13. edizio honetatik aurrera, BerroBIRA bezala ezagutua izango da. Udalaren eta herritarren artean antolatzen dute krosa, eta larunbatean izango da.

Lasterketaren lehen edizioak herriko jaietan egiten ziren, baina antolatzeko nahiko lan izaten zenez festa egun horietan, San Andresetara atzeratzea erabaki zuten berrobitarrek. Geroztik herriko patroiaren bueltan antolatu izan dute.


Aurrera begira, ordea, lasterketa irailera pasatzera aztertzen ari dira. «Kros bat antolatzeko ez da garai onena. Iaz, adibidez, ez zen oso arrakastatsua izan, eta aurtengoa ikusiko dugu. Horren arabera, eta herritarren artean hitz eginda, hilabetez aldatzea aztertuko dugu», dio Igone Saldias antolatzaile taldeko kideak.


Antolaketan herritar taldetxo bat ibiltzen da, eta egunean bertan 15 boluntario elkartzen dituzte. Aurtengo berrikuntzen artean, iluntzeko afaria aipatu behar da. Krosaren inguruan elkartzen diren guztiak gonbidatu dituzte, arratsaldeko giroari mahaiaren inguruan jarraipena ematera. Horretarako Iriarte Jatetxearen laguntza izan dute antolatzaileek. Lasterketa aurrera ateratzerakoan, herriko beste hainbat denda ere alboan izan dituztela azaldu dute antolatzaileek.

HAINBAT DATU
Eguna: Azaroak 28, larunbata.
Ordua:
• Haurrak, 16:00etan.
• Helduak, 17:00etan.
Ibilbidea:
• Haurrak hiru mailatan banatuko dituzte adinaren arabera. Maila bakoitzaren ezaugarrietara egokitutako ibilbidea egin beharko dute.
• Helduek 7,5 kilometroko ibilbidea egin beharko dute; herriari bost itzuli.
Sariak: Gizon nahiz emakumezkoei eta herriko lehenei. Amaieran zozketak egingo dira parte hartzaileen artean.
Izen ematea:
• Haurrek egunean bertan eman beharko dute izena, dohainik.
• Helduek, aurrez eta 8 euroren truke, www.herrikrossa.com webgunean. Horrez gain, 10 eurotan, egunean bertan, eta ordubete lehenago.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagundu iezaguzu. Eduki hau guztia doan ikusten duzu ez dugulako irudikatzen euskarazko hitzik gabeko Tolosalderik. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ezinezkoa litzateke. Zenbat eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da ATARIA: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezuna: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!