Gordeta du 1967an Tolosako Leidorren jantzi zuen txapela. Memorian iltzatuta geratu zaizkio plazaz plaza entzundako eta botatako bertso asko. Txapeldun geratu zeneko arratsalde hartakorik ez du, ordea, gogoan.
Tontola edo Txomin Garmendia. Nola nahiago?
Tontola Berrobin jaio nintzeneko baserriaren izena da. Azken urteetan Txomin Garmendia bezala ezagutzen naute gehiago.
Nola hasi zen bertsoarekiko zure hartu emana?
Aita zena oso zalea zen. Feriatik bertso paperak ekartzen zituen eta nik ikasi. Nire konturik maiteena bertsoa zen garai hartan. Tabernan hasi ginenean oraindik ere gehiago zaletu nintzen. Nik Belauntzan ikusi nituen lehen aldiz bertsolariak. Meza berri bat zen eta hiru ibartarrek kantatu zuten: Zume, Beltza eta Eusebiok. Haiekin batera Mitxelena zaharra aritu zen. Gogoan dut lan ona egin zutela lauek.
Eta zure lehen plaza?
Jaioterrian egin nuen lehen plaza. Orduan elizaren inguruko luistarrak eta amaren alabak oso indarrean zeuden. Luistarrek festa bat antolatu zuten ekaina inguruan eta Mitxelena eta Eizmendirekin kantatu nuen. 1952. urtea zen eta herriko bezala gonbidatu ninduten. Lotsa ederrak pasa nituen, 18 urte besterik ez nituelako; artean hasi berria, nola egingo nuen bada nik ondo bertsotan?
Zein girotan aritzen zineten bertsotan?
Gure garaian plazan baino gehiago kantatzen zen tabernetan afal ondoren. Hurrengo egunera arte geratzen zen bertsolaria herrian eta gauean festara eta bertsoak entzutera etortzen zen baserriko jendea. Pisua zen gaueko lan hori. Saioa bukatu eta neska laguntzetik bueltan zetozen mutilak etortzen zitzaizkigun tabernara bertso eske. Orduko bertsolariok, oraingoen aldean asko kantatzen genuen. Adibidez, Txirrita zenak urte batean 13 herri pasa omen zituen eta berak gauza handitzat hartzen zuen. Gaurkoek ehunetik gora plaza izango dituzte urtean, baino hamahiru saio haietan Txirritak adina bertso ez dute botako. Plaza gutxiago eta bertso gehiago izaten zen. Bertsoa eta kantua beste entretenimendurik ez zen garai hartan.
Eta zerri kantatzen zenioten?
Gai ugariri kantatzen genion. Bertsorik onenak izaten ziren herriko festetan botatzen zirenak. Xelebreren bat parean tokatzen bazitzaigun, edo bertsotan asko zekiela uste eta bat ere ez zekiena gerturatzen bazitzaigun, edariarekin deskuidatzen zen baten bat.. Toreatzaile ugari zegoen inguruan.
Zentsurarekin arazoren bat izan al duzu inoiz?
Gogoan dut, nola Orexan Orixe omendu zuten egunean lau bertsolari aritu ginen. Herriko apaiza etorri zitzaidan biharamunean, parte eman zutela eta guardia zibila nire bila etorriko zela esanez. Euskaldun garbia zela kantatu genuen, besterik ez, baina itxura denez, garai hartarako ez zen hain egoki izango. Zorionez ez ziren etorri.
Zenbat herritan ibili ote zara bertsotan...
Gipuzkoan nik dakidala, Baliarrain da ni kantatu gabeko herri bakarra. Harako deia ere jaso nuen, gaur egun, Villabonan dagoen Bittor Gorria berrobitarra zen garai hartan bertako parroko. Ezin izan nuen joan, ordea.
Zein bertsolari zenuen garai horretan kantu kide?
Ni gehiena Patxi Etxeberriarekin ibili izan naiz. Garai hartan zer ikusi handia zuen non bizi zinen. Azpeitikoekin ere kantatua naiz baina haiek taldetxoa osatzen zuten eta euren modura antolatzen ziren. Etxeberria, Lasartekoa da eta bertatik bertara moldatzen ginen biok.
Historiara pasa diren bertsolari asko ezagutu zenituen zuk.
Bai, garaiko bertsolari guztiekin kantatu nuen. Uztapide, Zepai, Basarri, Lasarte... Nik gogoan daukat, Errenteriko Versalles jatetxean kantatu nuenekoa Basarrirekin. 34ko kintoak bazkaria egiten zuten urtero eta Basarrik bertsotarako laguna falta zuen urte batean. Kinto hartan banuen nik lagun bat eta horrela gonbidatu ninduten. Ale ederrak bota genituen. Sekulan ez naiz orduan bezain gustura etorri bertsotatik etxera.
Eta beste norabidekorik gogoratzen al duzu?
Bertsolari mundua ez da dena arrosa, arantzak ere baditu. Gaueko lantegi hori gogorra zen. Soinujole bat bazen amorrazio franko eman ziguna. Herri batean hura soinu jotzen bazen, guregana gerturatu, bertso doinua jotzen hasi eta isildu egiten zen. Orduan, jendea zain egoten zen guk bertsoa noiz botako. Askotan gogo handirik gabe hasi behar izaten genuen bertsotan.
Ba al zenuten garai hartan txapelketaren entzutera?
Aita zenak esanda bagenekien gerra aurretik bi txapelketa famatu izan zirela. Pello Errotak eta Txirritak parte hartu zutela ere esaten zuten. 1959an jaso genuen guk gonbidapena Gipuzkoako lehenengo txapelketan parte hartzeko.
Nola jaso zenuen zuk gonbita?
Zazpi izan ginen Eibarren txapelketan kantatu genuenak. Uztapide, Mitxelena, Lasarte, Zepai eta Joxe Lizasorekin batera, bi gazte: Joxe Agirre, luistarren txapelketa batean garaile atera zena Aginan eta ni neroni, Ordizian, euskal jaietan, Gipuzkoako gazteen txapelketa irabazita.
Gogoan al duzu zein gairi kantatu behar izan zenioten?
Mogel zenaren omenez antolatu zuten txapelketa. Alfontso Irigoien izan zen aurkezten. Lehenengo agurra bota ondoren, «orain bertsolariek bederatzi puntuko bertsoa botako dute Mogelen gorantzan» esan zuen. Uztapide eta Lasartek esan zuten ez zela hori bat batean bertsoa kantatzeko gaia. Orduan, Irigoienek nahi genuen neurri eta bozean kantatzeko baimena eman zigun. Ni ez nintzen haserre. Hala ere, Mitxelenak bere txanda iritsi zenean bederatzi puntukoa bota zuen. Basarrik, La Voz de Españan txapelketa jokatu zen egun hartan bertan idatzi zuen, Txirrita zenak behin ere ez zuela bederatzi puntukorik kantatu ahotik gora eta ez zitzaigula bertsolarioi horrelako lanik eskatu behar. Hori irakurrita joan ginen txapelketara. Gerora egunkarian Baserrik aitortu zion Mitxelenari egindako ahalegina, baina jarritako gairik ez zuela aipatu esan zuen.
Zein ibiltzen zen garai hartan epaimahaikide?
Bordari, Aita Zavala, Emile Larre, Jexux Lete, Xabier Amuriza... horiek denak aritzen ziren garai hartan.
Harri jasotze edo aizkora txapelketa bat epaitzen erraza da, erlojuari begiratu eta kito. Baina bertsolariak buruz lan bat du egin beharra eta hor bakoitzak bere iritziak ditu. Epaimahaiko batek, bertsolaria bere herrikoa badu, barruak bultzatuta, nahi ez duela ere, haren alde egingo du.
Garai batean, txapelketa batzuk jokatzen ziren entzuleak saria banatzen zutena. Xenpelarren ehungarren urtebetetzean egin zen jaialdian berari buruz kantatzea eskatu ziguten. Kopa handi bat ematen zioten bertso onena kantatzen zuenari eta nik ekarri nuen etxera, entzuleek nire alde eman zutelako botoa.
Aurrez jakiten al zenuten zein ariketa egin beharko zenituzten txapelketan?
Ez, bat batean izaten zen eta ez genuen jakiten zein ariketa jarriko ziguten. Eskatzen zigutena betetzeko ahalegina egiten genuen guk. Gaur egun, txapelketan jende asko biltzen da. Bertso entzutera baino gehiago lagunartean egun eder bat pasatzera joaten da. Garai hartan, bertso entzutera joaten zen jendea. Bertso zaletasun gehiago zegoen gaur baino.
Eta zein motatako entzulea zen gerturatzen zena?
Baserri munduko jendea zen gehienbat bertsozalea eta emakumerik bat ere ez. Amorrazio franko emanda gaude bertsolariak plazan. Soinujolea isildu eta gure saioa hasten zenean neska gazteak haserretu egiten zitzaizkigun haien festa moztera gentozelako. Gogoan daukat, oholtzatik jaitsi eta emakume batek nola esan zigun behin: «que asco!».
Txapelketa haietara zenbat jende gerturatzen zen?
Bi mila, hiru mila... Baldan egin zen final batean lau mila izatera ere iritsi ziren entzuleak, diotenez.
67an txapela jantzi zenueneko txapelketa hartako bertsorik ba al duzu gogoan?
Ez, ez dut gogoan. Atano X.ari buruzko gaia jarri ziguten eta Azkarateri buruz beste bat. Baina nahikoa lan izaten genuen erantzuten, bertsoak gogoan hartzeko. Gaur bezalako aurrerapenik ez zegoen orduan, baina 59ko txapelketa hartan badakit magnetofoiak egon zirela. Bertso haiek nonbait jasota egongo diren ez dakit.
Txapeldun geratu ondoren, ospakizun handiak egin zenituen?
Gaur adina garrantzirik ez zitzaion ematen txapeldun ateratzeari. Gaur gorantza eta txalo gehiago dauzka txapeldunak. Gure garaian, «saio bat gehiago egin diagu eta segi aurrera», horrela pentsatzen genuen.
Zeinek jantzi zizun txapela?
Tomas Odriozolak jantzi zidan. Orduan Tolosako alkate orde, edo gradu handikoa zen nonbait. Leidorren jokatu zen txapelketa hura.
60ko hamarkadako txapelketatan parte hartu zenuen, Gipuzkoakoan bezala Txapelketa Nagusian?
Bai eta finalera iritsi nintzen guztietan. Gero eten luze bat egon zen. Tarte handia zihoan txapelketa gabe eta bilera bat egin genuen Donostian. Orduko hartan ez zen ezer erabaki, baina handik gutxira hasi ziren berriz ere antolatzen.
Eta aro berriko txapelketek aldaketa handia ekarri al zuten?
Behin Amuriza giro horretan sartu zenez gero, pixkanaka gaiak aldatzen joan ziren. Ez gauetik goizera baina sumatu da aldaketa. Duela 50 urte nire pentsaeratik gaur egungora aldea egongo da, baina ez hainbeste. Orduan, zortziko handian, hamarreko handian eta zortziko txikian aritzen ginen. Eta gaur ere nik era horretara kantatzen dut. Orain, habanera eta doinu berri asko dabiltza, neurri luzekoak. Gaur eskola umeek kantatzen dute bederatzi puntuko bertsoa. Zer esan behar duzu horren aurrean? Ni ez naiz, behinik behin, horretarako gauza. Honetaz gero, hala beharko du.
Neurri eta doinutan aldatu da bertsolaritza. Beste ezertan?
Menditik kalera jaitsi da bertsolaritza. Gaur, artzaintzatik, baserritik, baso mutil girotik unibertsitatera pasa da. Hor derrigor behar du aldaketa bat. Gaietan mudantza bat gertatu da eta hori bertso eskolak ekarri du. Gaurko gazteak buruz argituta eta preparatuta daude. Txapelketarako ikasten dutela iruditzen zait. Hiruzpalau bertso botatzeko prestatzen dira eta sekula baino poto gutxiago egiten da. Orain, garai bateko bertsolariek zuten azken puntuko ezten edo kolpe hori ez da hainbestekoa izango, beharbada.
Zuk belaunaldi berriko bertsolariekin 1999an parte hartu zenuen herriartekoan.
Ondo moldatu nintzen. Azken arte joan ginen aurrera. Txapeldun Zarauzko taldea atera zen eta gu bigarren geratu ginen. Nahiko meritu izan genuen. Lagun onak nituen, txapelketarako ni baino hobeto prestatuta zeudenak. Irazu oso bertsolari herrikoia da, eta Agirre nirekin ibili zen ikasten. Maila eman genuen. Hasieran, nahikoa kezka banuen hainbeste jenderen aurrean aritu behar izateagatik. Baina ondo salbatu genuen txapelketa hura.
Eta gaur egungoak jarraitzen al dituzu?
Bertsolari gazte horiek ugaritu dira basoan perretxikoa bezala. Denak ez ditut ezagutzen. Ni ere ez naiz garai batean bezala festara ateratzen. Baina pozik nago, euskarari bultzada handi bat bertsolaritzak eman dio esaerak dioen bezala: bertsolariak diren artean ez da galduko euskara.
Zein funtzio ikusten dizkiozu txapelketari?
Euskalduna beti izan da lehia zalea. Alde horretatik, txapelketak ere bere indarra izan du. Tabernatan asko eztabaidatu da, adibidez, Baserri edo Uztapide, bietan zein den hobea. Gaur ere izango dira horrelako eztabaidak, ez garai batean bezainbeste, baina beti izan da desafiorako gogo hori gure artean.
Bertso zaletasunari zenbateko mesede egin dio txapelketak?
Nire ustez, on handia egin dio txapelketak bertso zaletasunari. Bertsolaria bakarrik ez, bertso entzulea sortu du txapelketak. Garai batean neska gaztea dantzara joaten zen eta gaur egun, berriz, bertso entzutera. Gainera, esango nuke, dantzarako baino gogo gehiagorekin joaten dela bertsotara.
Faboritorik ba al duzu aurtengo txapelketarako?
Ez. Bertsolari bat juzgatzeko hari saio asko entzun behar zaizkio. Asko jota saio bat edo bi entzun dizkiet bertsolari gazte horietako askori. Hortaz, ez noa bustitzera gai hortan.