Berrobiko frontenis txapelketaren garaia

Asier Imaz 2015ko urr. 28a, 09:24

Berrobiko XXIV. Jon Ander Izagirre Frontenis Txapelketa azaroaren 14ean hasiko da. Izena emateko epea zabalik da, eta aurtengo ediziorako, antolatzaileek 70 parte hartzaile inguru espero dituzte. 

Euskal Herri mailan dagoen frontenis txapelketarik garrantzitsuenetakoa da Berrobikoa. Maila handia egoten da, eta horren adierazle, parte hartzaileen jatorria izan ohi da: «Mirandatik, Tafallatik, Donostiatik... etorri izan dira jokalariak. Eurek ere hemengo maila azpimarratzen dute», dio Unai Madina antolatzaileak. Azken urteetan belaunaldi aldaketa bat eman da. Nikolas Artola berrobitarraren lekukoa pilotari gazteek hartu dute, eta azken hiru urteetan, buruz-burukoan, hiru gazte izan dira txapeldun. Iaz, Ibai Ropon billabonatarra.

Finalean, beste gazte baten aurka jokatu zuen Roponek, Hodei Arregiren aurka. Tolosarrak iazko edizioan marka ipini zuen, hiru finaletan egon baitzen. Hala eta guztiz ere, Nikolas Artolaren markak urruti ditu oraindik belaunaldi berriak, izan ere, berrobitarrak «15 txapela inguru» ditu, Madinaren esanetan.

Adin guztietako pilotariak elkartzen dira Berrobin. Hiru asteburutan lehian ariko dira, eta finalak, abenduaren 5ean jokatuko dira. «Azken aldian 16 urte inguruko gazteak izena ematen hasi dira. Maila politekoak gainera. Hauek txapelketa ezagutzera etortzen dira. Aurreko urteko irabazleak, aldiz, adar desberdinetan kokatzen ditugu. Helburua, finalerdietara iristea izaten da, eta iazko finalisten aurka borrokatzea. Lehia politak izaten dira», dio Madinak. Txapelketan izena ematera animatzeaz gain, batez ere neskak, berrobitarrak partidak ikustera ere gonbidatu ditu eskualdeko herritarrak, ikusteko modukoak izaten baitira.

Txapelketa
Egutegia: Azaroaren 14ko asteburuan hasiko da. Hiru asteburu hartuko ditu txapelketak. Finalak abenduaren 5an, larunbatez, jokatuko dira.  

Izen ematea: Azaroak 5ean amaituko da epea. Tolosako Aralar Kirolak dendan eta Berrobiko Iriarte Jatetxean jarri dituzte zerrendak.

Lau modalitate: Gizonezkoak buruz-buru eta binaka; emakumezkoak binaka, eta bikote mistoak.

Zozketa: Azaroaren 6an, 21:00etan egingo dute, Etxolan.

Partidak: 30 tantora jokatuko dira. Binakako partidak 45 minutukoak izango dira gehienez, finalerdiak bitarte. Bi tantoko aldeaz irabazi beharrik ez da egongo aurtengoan, arau hori aldatzea erabaki baitute antolatzaileek, hau da, denbora bukatzen baldin bada tanto bakarraz irabazten joan arren, partida irabazitzat emango da.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!