Abiadura moteltzeko lanak egingo dituzte errepide nagusian

Ataria 2015ko urr. 2a, 10:20

Urte amaitu baino lehen errepide nagusian sistema ezberdinak ezarriko dituzte horretarako

Tolosatik Berastegira doan errepidea ezaguna da bihurguneengatik, baina errepidea igarotzen den herrietako biztanleak askotan errepide horietan, autoek izaten duten abiadurak kezkatzen ditu. Kezka horretatik abiatuta, datozen asteetan Berrobin abiadura moteltzeko eta trafikoa bideratzeko lanak egingo dituzte.  

Iñigo Aierza alkateak azaldu bezala, proiektua 2014an Gipuzkoako Foru Aldundiak martxan jarritako parte hartze prozesutik abiatu zen. Bertan herritarrak ziren aurrekontuen atal bat zertan gastatu behar zen erabakitzen zutenak. Ondorioz, Berrobik «90.000 euroko aurrekontua» jaso zuen abiadura murrizteko lanetarako.

Aipatu bezala, autoen abiadura herritarrak kezkatzen dituen gaia da eta udalari ere euren kezka helarazi izan diote. Aierzak ere bat egiten du horrekin eta horrek eragin dezakeen arriskuaz ohartarazten du: «Kotxe eta kamioi asko pasatzen dira, eta horietako asko azkar gainera. Horrek dakarren arriskuarekin». Arrisku hori murrizte aldera, abiadura «jaistea» da euren asmoa.

Lanak burutzea Gipuzkoako Foru Aldundiaren ardura da, eta hil honen amaierarako obra nork egingo duen izendatuta egongo da. Horregatik, Aierzak aurreikusten du Aldundiak lanak amaituta izatea «2015 amaierarako».

Errepideko lanak ez dira herriko gune konkretu batera mugatuko, Aldundiak herriko gune ezberdinetan egingo ditu aldaketak: «herri sarreran, Tolosatik etorrita, semaforo bat jarriko dute kokatuta dagoen zebrabide batean. Medikuaren kontsultaren parean eta elkartearen parean altxatako edo goratutako zebrabide bana  jarriko dute, eta eskolaren parean bidearte bat duen zebrabide bat jarriko dute».
Atal ezberdin horiekin «zeharkaldi» bat egiteko asmoa dute, eta horrela ibilgailuen gidariek herriaren «sarreratik irteera arte» jarrita dagoen 40 km/h abiadura muga errespetatzea litzateke udalaren asmoa.

Proposamena «ondo» jaso da

Asteazken iluntzean udaletxean egin zuten herritarrei proiektuaren nondik-norakoak azaltzeko bilera, eta Aierzaren esanetan horrelako proiektuetan ohikoa den moduan, asteazkenean ere proiektua «ondo» jaso zuten. Herritarren eskaeren artean  «beste espaloi bat» egitearena zegoen, eta proposamena egokia iruditu arren, «aurrekontuaren arazoa» dago.

Udan amaitu zituzten, hain zuzen ere, herritik San Sebastian baselizara doan bidean hainbat lan; oinezkoentzako espaloiak egin dituzte errepidearen bi aldeetan eta autobusaren geltokia ipini eta inguruko maldak ere leundu dituzte. Horiek ere herritarrek urteetan egindako eskaerak izan ziren. Hain zuzen ere, lehen «Errotaberri inguruan eta Ermitako gunea nahiko aparte zeuden, eta zati berri honekin lortu da herria espaloi bidez lotzea, eta oinez joateko arazorik ez izatea».

Epe ertainean abiatuko dituzten  lanekin, berriz, oinezko horien segurtasuna ere bermatzea espero dute, inguruan dabiltzan ibilgailuen abiadura «murriztuz».

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!