«Etxean geratu ninteke negarrez, baina aurrera begiratu behar dut»

Andoni Uzkudun 2015ko ira. 3a, 11:05

Iñaki Garcia 'Mapi' abuztuko ekaitzaren ondorioak ari da bizitzen oraindik

Abuztuaren 3an egindako ekaitzak, kalte gogorrak utzi zituen eskualdean. Gogor kolpatu zuen horietako bat, Berrobiko Barazki Bizidunak taldekoen negutegia izan zen. Bertako arduraduna den Iñaki Garcia Mapik adierazi digunez, kolpe «oso latza» izan zen. Berak ordea kemena eta indarra atera eta «etxean geratu beharrean negarrez, aurrera egitea eta mugitzea» erabaki du.

Gaur egun, informazio eta aurrekontuak lortzen ari dira. Bere negutegia kristalezkoa zen eta abuztuaren 3an botatako harriak, dena txikituta utzi zuen. Hori konpontzeko aurrekontua 22.000 euro ingurukoa izango da material merkeenetarikoak begiratuz gero. Hala eta guztiz ere, beraiek landaketan jarraitzen dute baratzeko lanetan negua gogorra izango baita.

Mapi gelditu gabe ari da egoerari buelta eman nahian eta ez da geldirik geratu. Diru inbertsio handia egin behar du aurrera jarraitzeko, horregatik laguntza eta solidaritate bila dabil. Inguruko jendea asko ari zaio laguntzen berak adierazi duenez baina bada begi txarrez begiratzen dion jendea ere. Merkatuan dagoenean jende asko gerturatzen da berarengana hitz onak adierazteko asmoz, baina badagoela kalte egitera gerturatzen den jendea ere adierazi du. Euskal jendearen inguruan, adierazi du, diru laguntzetan laguntzea baino, gehiago laguntzen duela lan egiten edo animoak ematen. Jendea ez dagoela ohitua diru laguntza solidarioak ematera dio, baina bai bertara joan eta laguntzen. Hori asko eskertzen du. Euskal Herritik kanpora dagoen jendea ere jarri da kontaktuan berarekin laguntzeko eta horrek ere animo handiak eman dizkio berari aurrera jarraitzeko.

Dirua biltzeko kontu korronte solidario bat ireki duela adierazi du nahi duenak lagundu dezan. Laguntza txikiena ere beraientzako oso garrantzitsua dela esan du Mapik. Beste alde batetik, kutxa solidarioak ere jarri dituzte inguruko taberna eta dendetan. Bertan txanponak bota eta jendeak lagundu dezan Barazki Bizidunak proiektua aurrera eramaten. Azkenik, beraien produktuez beteriko saski baten zozketa ere egingo dute. Produktu ekologikoez betetako saski hori lortzeko, 2 euro ordaindu eta zozketa batean sartzeko aukera izango du parte hartzen duen orok.. Txartel hauek, taberna, denda edo azoka guneetan egongo dira salgai. Informazio gehiago behar izanez gero, Facebook sare sozialetan bi orrialde dituzte, Barazki Bizidunak alde batetik, eta La Huerta De Cristal beste alde batetik.

Asteburuari begira, auzolandegia antolatu dute Barazki Bizidunak taldeko kideek. Bertara laguntzera joateko prest dagoen pertsona guztiei irekia dago. Umore ona eta lanerako gogoa bakarrik eskatzen dute. Bertara gerturatzen denak ondo pasatzeko aukera eta patata tortilla ederra jateko aukera izango duela adierazi du Iñaki Garcia Mapik.

LAGUNTZAK

Kontu korronte zenbakia. ES68 3008 0156 49 2306235314
Auzolana. Irailak 6, igandea. Berrobiko sarreran.
Kutxa solidarioak. Kandi janaridenda, Iriarte jatetxea, Erre-berri ogi denda.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!