Alkateei elkarrizketak

Iñigo Aierza: «Herritarren parte hartzea sustatu nahi dugu»

Rebeka Calvo Gonzalez 2015ko uzt. 9a, 09:30

Azken aurrekontuetan 20.000 euro herritarren eskura utzi zituzten eta esperientzia positiboa izan denez, horrekin jarraitzea erabaki dute Berrobin. Iñigo Aierzak bigarren aldiz izango da alkate.

Berrobitarrek Bilduren udal jarduna saritu dute azken udal hauteskundeetan, izan ere, 4 hautetsi izatetik, guztiak, 7ak, izatera pasa dira. Oposiziorik ez dute izan oraingoan eta boto gehiago lortu ditu EH Bilduk. Iñigo Aierzak errepikatuko du alkatetzan, bigarrengoz.

Nolakoa izan da azken legealdia, zein balorazio egiten duzu?
Hasiera oso-oso gogorra izan zen. Denbora behar da dena ikasteko eta egoera ekonomikoa oso txarra zen, beraz, oso gogorra izan zen. Balantzea ona da, hala ere, zegoen egoerarekin gauza dezente egitea lortu baitugu; frontoia berritu dugu, brea bota dugu zenbait lekutan, Ermitako oinezkoen bidea bukatzen ari dira jada, argiterian neurriak hartu ditugu, parte hartze prozesuarekin ez gara hasi oraindik, baina jada bagabiltza abiadura murrizteko neurriak hartzeko proiektuarekin... Gauza dezente egin ditugu eta dirurik ia ez geneukala ikusita, inbertsioak egin ahal izatea oso positiboa da.

Nolakoa zen egoera ekonomikoa?
Oso txarra. Zor handia genuen, maileguak... Dirua aurrezteko neurriak hartu ditugu. Batez ere, soldatetan aurreztu dugu. Argindarrarekin ere aritu gara; hainbat puntu kendu ditugu eta beste batzuetan indarra jaitsi, LED sistemarekin kontsumoa jaitsi dugu... Udaletxean oraindik lan horiek egiteko ditugu, baina diru laguntza baten bidez zuzenduko dugu. Udaletxean bertan galdara izorratu zen eta gasoliokoa zenez, aldatzea eta Pelleteko berokuntza sistema jarri genuen diru laguntza batekin. Solastokin ere sistema bera jarri dugu.

Egoera iraultzea lortu duzue.
Orain egoera nahiko ona da. Baditugu mailegu batzuk, baina ez dugu zor handirik.  

Parte hartze aurrekontuak bultzatu dituzue 20.000 euro herritarren eskura utziz, dinamika horrekin jarraituko duzue, beraz.
Herritarrei aurrekontuen berri emateko informazio guztia prestatzen genuen eta bilera bat egin azalpenak emateko. Horretaz gain informazioa etxez etxe banatzen genuen. Baina jendeak ez du bilera horietan parte hartzeko ohiturarik. Azken urtean sistema aldatu eta kopuru bat jendearen eskura utzi dugu. Herritarrek aukeratutako hiru proiektu ari gara egiten. Esperientzia oso ona izan da eta jarraituko dugu. Jendearen parte hartzea sustatu nahi dugu.

Zeintzuk dira datozen lau urteetarako dituzuen erronkak?
Herriko gazte eta helduekin dinamikak antolatu nahi ditugu eta horretan jarriko da zinegotzietako bat. Azpiegituren aldetik datorren urtean eskolako patioa estaliko dugu. Diru laguntza jaso dugu horretarako. Ez dugu asmo berezirik, martxaren arabera egingo ditugu egin beharreko lanak. Frontoian teilatua berritu genuen, baina oraindik lan gehiago egin behar dira; irazpenak ditu eta horiek txukundu eta margotu egin behar da, frontisa txukundu...  Irisgarritasun Plana egin behar dugu ere, ez baitugu, horretan ari gara.

Zertan ari zarete orain, irisgarritasun Plana garatzeaz gain?
Eskolan ume gehiago egongo dira datorren ikasturtean, eta txikienen gela txiki geratu denez, lekua zabaltzen eta prestatzen ari gara.

Haur gehiago badaude, herria bizirik mantentzen denaren seinale... Zein da herriaren egoera?
Ume dezente daude bai. Etxebizitzei dagokienez etxe hutsen errolda egin genuen eta nagusiei alokatu nahi ote zuten galdetu, baina ezezkoa jaso genuen. Herrian etxeak badaude, salgai, eta horiek betetzen ez badira ez ditugu etxe gehiago egingo. 

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!