Mediterraneoa gertuago, Berrobiko Solastokiri esker

Rebeka Calvo Gonzalez 2015ko mar. 20a, 12:43

Nieves Torralba Abrilek hartu du erretirodunen elkartea; asteazkenetan ixten dute

Gogotsu hasi dira lanean Berrobiko Solastoki erretirodunen elkartean. Nieves Torralba Abrilek hartu du elkarteko ardura eta zabaldu zutenetik, orain bi aste, lana erruz egiten ari direla dio. «Oso kontentu gaude», esan du irribarretsu.

Arduraduna Benidormekoa da (Alacant, Herrialde Katalanak), baina hitz egiterakoan badu ukitu andaluziarra ere, gurasoak hangoak baititu, eta guzti hori ekarri nahi izan du Berrobira. «Nire herriko ukitua, mediterraneoa, ekarri nahi dut hona; hango paellak egiten ditu, aurrez eskatuta, Andaluziako migak ere egingo ditut...», esan du. Gosarietan ere nabari da hori, eta ogi txigortua eskaintzen du tomatearekin edota oliba olioarekin, eta garrantzitsuena prezioa da, «merke eta oso ondo gosaldu daiteke hemen», esan du. Laguntza ere izaten du, hala ere, bere bikotearena, Jose Luis Agirre.
Egunero eskaintzen dituzte bazkari eta afariak, menua dute. Eta eskatzen dieten guztia eskaintzeko prest daudela dio: meriendak, bazkari bereziak, afari-meriendak...
Egiten dituen plater guztiak berak prestatzen ditu; «Etxeko janaria da, baina mimoz egina. Ez dut izoztutako ezer erabiltzen edo aurrez sukaldatutakoa, freskoa da dena. Eta postre guztiak ere nik egiten ditut. Egunero bizkotxoa egiten dut, kafea hartzea etortzen direnei puska bat eman ahal izateko».
Pintxo-potea, egunero
Gurean geroz eta zabalduago dagoen pintxo-potearekin harrituta dago Torralba. «Gurean egunero da pintxo-pote, trago bat hartzera etortzen diren guztiei tapa bat jartzen diegu, edo bizkotxo zati bat. Jendea gustura egotea da nire nahia, etxean bezala egotea», esan du.
Bere herriko paellak ere egiten ditu. Emakume Langilearen Nazioarteko Egunean han egin zuten bazkaria herriko emakumeek, eta paellak atera zituen denak gustura utziz.
Aurrerantzean larunbatetan paella egingo duela esan du, eta tragoarekin paella tapa bat dastatu ahal izango dela.
Egunero-egunero 07:00etan irekitzen dute, eta itxi arte egoten dira bertan. Asteazkenean bakarrik hartzen dute atseden.

Bi pasioak batera
Sukaldariak adineko pertsonekin aritzeko titulua du, Benidormen horretan aritu zen lanean, eta hori eta sukaldatzea dira gehien gustatzen zaiona. «Bi gauzak batu ahal izatea zoragarria da. Hemen lagundu ahal diet; zauriren bat egiten badute sendatzen lagundu edo aholkuak eman, ikastaroak egin...», esan du. Asmo asko ditu, ideia asko buruan, eta oraingoz bat behintzat gauzatuko du: astelehen eta ostegunetan 09:15etik 09:45etara mantentze gimnasia egiten dute. Musikoterapia eta pintura ikastaroak ere antolatuko dituzte. Eta bingoa ere egingo dute.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!