Herriko patroiaren ospakizuna

Maier Ugartemendia 2014ko aza. 28a, 13:00

Berrobiko patroia San Andres da eta ospatzeko asteburu guztian izango da festa herrian

Asteburu borobila prestatua dute Berrobin. San Andres egunaren bueltan Agurtzane Belauntzaran kultura zinegotziak esan bezala «makina bat gauza» baitituzte.

Izan ere, herriko patroia dute San Andres, eta eliza bera ere San Andres da. Belauntzaranek azaldu bezala, ordea, duela urte asko San Andresetan «oso giro txarra» izan zuten, eta «festak San Agustinetara aldatzea» erabaki zuten. Belauntzaranek esan bezala, hortaz, berrobiarrek San Agustinekin «zerikusi gutxi» dute, baina abuztuaren amaierara aldatu zituzten festak «giro hobea» bilatzeko asmoz: «Pribilegio hori hartu zuten».

Hala ere, San Andresetan ere ospakizunik gabe ezin egon, eta egun horren bueltan urtero antolatzen dute festa. Aurtengoan ere ez da gutxigorako izango eta asteburu osorako ekimenak prestatu dituzte.

Larunbatean kirol arloari erreparatuko diote batez ere. Goizean, Berrobin «klasiko bat» bilakatu den frontenis txapelketa hasiko da. Berritu berri duten frontoia «estrenatuko dute», gainera, lehen partida hauek. Eta arratsaldean, kirolarekin jarraituz XII. Herri Krosa ospatuko dute; lehenik gaztetxoenen txanda izango da eta ondoren helduena.

Belauntzaranen esanetan, krosa antolatzeak «lan bolumena handia» suposatzen du, eta hortaz, parte hartzea «nahi baino txikiagoa» izaten da. Hala ere, zalantzarik gabe, berrobiarrak «erronka zaleak» dira, eta apusturen bat ere bada tartean; ikusmina ziurtatuta dago. Belauntzaranek «gonbidapena luzatu» nahi izan die korrikalari guztiei krosean parte hartzera. Irabazlearentzat «sari poltoloa» izango baita, eta parte hartzaile guztientzat ere «sari mordoa» izango da.

San Andres eguna
San Andres egunean bertan, kirola alde batera utzi, eta lehenik erretirodunen bazkaria izango dute, Solastoki elkartean. Arratsaldean Aresoko antzerki taldearen bisita jasoko dute. Aresoar batzuk herrian hasi ziren antzerkia egiten eta Belauntzaranen esanetan, badirudi «arrakasta» lortu dutela. Haiek garaiek izeneko emanaldia eskainiko dute eskolan. Belauntzaranek ez digu aurreratu nahi izan antzerkiaren nondik-norakoa, herritarrentzat «ezustekoa» izatea nahi baitute. Ondoren, tripak goxatzeko talo jana ere izango dute; erretirodunek duten festara herritarrak «gehituko» dira, guztiek elkarrekin arratsalde polit bat pasatzeko eta asteburuari amaiera emateko.

EGITARAUA

BIHAR, AZAROAK 29

09:00. Hasiera emango zaio XXIII. Ion Ander Izagirre Frontenis Txapelketari.

16:00. Berrobiko XII. Herri Krosa. 14 urtetik beherakoak 16:00etan abiatuko dira. Helduak 17:00etan, 7,5 kilometrotako ibilaldia egin beharko dute.

AZAROAK 30, IGANDEA

14:00. Herriko erretirodunen bazkaria, Solastoki elkartean.

17:30. Haik garaiek antzerki emanaldia, Aresoko antzerki taldearen eskutik, eskolan.

18:30. Herritarrek egindako taloak dastatzeko aukera, Solastoki elkartean.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!