Ion Ander Izagirre frontenis txapelketa XXIII. ediziora iritsi da

Maier Ugartemendia 2014ko aza. 18a, 17:48

www.izagirrefrontenistxapelketa.com

Azaroaren 29an emango diote hasiera Berrobiko XXIII. Ion Ander Izagirre Frontenis Txapelketa. Izena emateko epea ostegunean itxiko da, hortaz, interesatuek Berrobiko Iriarte jatetxera edo Tolosako Aralar Kirolak dendara jo beharko dute.

Iker Elustondo, antolatzailea:

Aipatu bezala, honakoa 23. edizioa da eta Iker Elustondo antolatzaileetako batek azaldu bezala  «hasierako pare bat edizio izan ezik jarraian» ospatzen den txapelketa da honakoa; jada finkatuta dagoena. Gainera, oso zabalduta dago. Gipuzkoako parte hartzaileez gain, «Olite, Miranda  Ebrotik, Iruñeatik...» ere etortzen dira. Txapelketa zabaldua dagoen arren, «bi edo hiru» herritarren artean antolatzen dute txapelketa, izan ere, jada «finkatuta» dituzte egin beharreko lanak.

Izen emateko aukera, aipatu bezala, gaur amaituko da, baina, oraingoz «nahiko ondo» doa parte hartzea. Gainera, aurten parte hartzaile gutxien izaten dituen emakumeen eta bikote mistoen atalean ere parte hartzaile «gehiago» izango direla espero dute. Mutiletan banakako eta binakako atalean hogeitahamar bat bikote ariko direla, eta banaka ere beste hainbeste izango direla uste dute.

Parte hartzaile gehien izandako urteetan «berrogeita hamar bat» bikote aritu izan dira mutiletan, baina azken lau urteetan «hogeita hamar inguru» dabiltza. Nesketan, berriz, gehien aritu izan direnetan «bost» bikote aritu izan dira, eta iaz bi bikote besterik ez. Neskak «gehiago» parte hartze aldera, duela hiru urte mistoen atala sortu zuten. Eta lehen urtean zortzi bikotek parte hartu zuten, iaz lauk.

Herritarrek osatutako hamar bat bikotek ere parte hartzen dute «normalean» txapelketan. Orain arte «erreferente» izan da Nikolas Artola berrobitarra, Elustondoren esanetan, hamasei bat aldiz irabazi baitu. Eta orain Xabi Zubiria herritarra ere «fuerte» datorrela uste du, iaz berak irabazi baitzuen.

Parte hartzaileen arteko zozketa bihar egingo da, 20:30ean, Berrobiko gaztetxean. Zozketa «irekia» izaten da, baina bestela www.izagirrefrontenistxapelketa.com webgunean ere jarriko dituzte emaitzak, nork noren aurka eta noiz jokatzen duen jakiteko.

Frontoiaren estreinaldia

Azken asteetan Berrobiko frontoia itxita egon da egiten ari diren berrikuntza lanak direla eta. Frontoia 1985ekoa da, eta «inoiz» lanik egon gabe zegoen eta orain «teilatu berria» jarri diote, eta itxi ere egingo dute. Lan hauen ondorioz, aurten txapelketa ohi baino beranduago hasiko da.

Hala ere, azaroaren 29rako frontoia «puntu-puntuan» egotea espero dute, nahiz eta oraindik garbitzeko eta lan egin beharko duten.

Lehen urte garai honetako euriekin zenbait «arazo» izaten zituzten, itoginekin edo hezetasunekin; hortaz, aurten arazorik ez izatea espero dute. Bestalde, frontoia isteak ere «tenperatura hobea» izatea ere eragingo du, eta epaileek eskertuko dute.

Edonola ere, Elustondok frontenisean zaletuak direnak txaplektean parte hartzera «animatzen» ditu. Beldurrak alde batera utzi, eta ahalik eta partaide gehien izatea nahiko luke. Helburuak asko dira: «Giro ona izatea, ondo pasatzea, izerdi pixka bat bota, lagunekin egotea, lagun berriak egitea...». Hortaz, animatzen diren lagunek oraindik badu aukera bertan izateko.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!