Agurtzane Belaunzaran berrobitarrak eta Pedram Yazdani iraniarrak ‘Itsasoaren seme-alabak’ erakusketa jarri dute, Tolosan.

Bajao etnia ezagutzera gonbidatzen du egunotan Tolosako Aranburu jauregian ikusgai dagoen erakusketak. Pedram Yazdani iraniarrak eta Agurtzane Belaunzaran berrobitarrak pasa den urtean bidaiatu zuten Indonesiara, eta han izan zuten etnia berezi hori gertutik ezagutzeko aukera. Itsasoaren seme-alabak izenarekin bataiatu duten erakusketa honetan «arrainen modura, itsasoan eta itsasotik» bizi diren bajaoarrekin eginiko argazkiak nahiz dokumentala topatuko ditu bisitariak.

Bajaoekin hilabeteko egonaldia egin zuten, eta atera zituzten argazki guztietatik adierazgarrienak aukeratu dituzte erakusketarako. «Irudien eta dokumentalaren bitartez euren bizimodua eta bizitokia ezagutarazi nahi izan dugu, eta era berean, gain arrantzak sortu eta sortzen dituen arazoak bistaratu nahi ditugu», azaldu du Agurtzane Belaunzaranek. Koralaren Trianguloa deitzen zaion eremuan bizi dira Bajaoak, Filipinak, Malaisia eta Indonesiako uretan. Hain justu, erakusketaren hasieran mapa handi bat jarri dute tribu honen kokapena islatzeko. Biodibertsitate aberatseko itsas eremua da, 'Itsasoko Amazonas' moduan ezagutzen delarik.

Nomada izaera dute bajaoek, eta lepa lepa izeneko barkuetan bizi ziren lehen, baina, azken hamarkadetan izaera nomada hori galduz joan dira, eta itsasoaren erdian eraikitako etxeetan bizi dira gaur egun. Argazkietan ikus daiteke nola jarri dituzten euren bizitokiak itsas gainean, eta zonalde batetik bestera igarotzeko egurrezko zubiak nola eraiki dituzten. Zubi horiek igarotzen dituzte haurrek, esaterako, egunero, irla batean dagoen eskolara joateko. Milioi bat bajao dira, eta Belaunzaranek kontatu duenez, komunitate «baztertua» da, «oso urrun bizi direlako, eta nomada izaera horrengatik, gizarteak berak baztertu egin dituelako; Indonesian, esaterako, itsasoko ijito deitzen diete».

Ingurune zoragarrian bizi direla azaldu du berrobitarrak, «diruaren beharrik gabe, eta arrantzatik». Baina, klima aldaketak eta gain arrantzak eragin zuzena izan dute ingurune eder horretan: «Arrantza modu oldarkorren erabilerak itsas bizimodua gainbeheran jarri du, bajaoek ere nabaritu dute hori, eta geroz eta urrunago eta sakonago joan beharra izaten dute eguneroko jakiaren bila arrantza egitera».

Arrantza modu tradizionalean egiten dute, eta betaurreko bereziak erabiltzen dituzte urperatzeko: «Katxamatak bajao hizkuntzan, beraiek eginak dira, egur zatiak labanaz moldatuta, eta kristala eta pita zati bat gehituta». Itsasoaz inguratuta egonik, txikitatik oso harreman estua dute urarekin: «Diotenez, lehenago ikasten dute igerian oinez baino». Ur azpian arrainen moduan moldatzen direla dio Belaunzaranek: «30 metroko sakonerara jaisten dira, eta bost minutuz ur azpian egoteko ahalmena dute». Arrantzatzera joatean, eskumuturrera eta txalupara lotuta duten korda luze batekin jaisten dira, «txalupagatik ez urruntzeko». Gainera, gorputza bera ere uretara egokitua dute, eta horren seinale euren oinak dira, «ahate itxurakoak» baitituzte.

Gauez ere arrantzatzen dute, kasu horretan, itsasoko pepinoak. Eskuz arrantzatzen dituzte, eta eguzkitan utzi lehortzen. Txinako sukaldeetan jaki preziatua da oso, eta merkatari bat etortzen zaie erostera.

Erakusketan ikus daitekeen argazki batean bederatzi eta hamar urteko Harri eta Kula izeneko gaztetxoak ageri dira. «Txalupa txiki batean daude, aitak eginiko txalupan; hemengo haurrei bizikleta bat oparitzearen modukoa da». Erlijioari dagokionez, lehen animistak ziren eta ozeanoen jaungoikoan sinesten zuten, eta orain, berriz, musulmanak dira. Ondorioz, gaztetxoak madrasara joaten dira, korana ikastera: «Harrigarria badirudi ere Koranaren lezioak arabieraz jasotzen dituzte, eta beraiek ez dakite arabiera, garai batean erlijio katolikoa latinez irakasten zen moduko paradoxa».

Hunkitu egiten ditu eta poza sorrarazten diete irudiek euren egileei, duela urtebeteko egonaldiaren «oso oroitzapen politak» dituztelako gordeta. Era berean, inbidiaz ere begiratzen diete bajaoei, «leku zoragarrian bizi direlako, ohituta gauden gizartetik urrun eta gurearekin alderatuta oso gutxirekin pozik bizi direlako...».

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!