Ajearekin utzi du Berrobi sanagustinek

Maier Ugartemendia 2014ko ira. 1a, 09:50

Atzo amaitu ziren Berrobiko jaiak eta festa batzordeko kideak "oso gustura" agertu dira aurtengo festen parte hartzearekin.

Asteburu borobila izan dute berrobiarrek amaitu berri den hau. Herritar guztiei bideratutako eta berrikuntzez betetako festak izan dira aurtengoa, eta badirudi horrek eragina izan duela herritarrengan. Izan ere, festak antolatzen buru belarri ibili diren kideen arabera aurtengoak azken urteetako festarik "parte hartzaileenetakoak" izan dira, eta horregatik "gustura" daude aurtengo festen emaitzarekin.

Ostegunean hasi ziren  festak, San Agustin egunean bertan. Orain arteko ohitura bezperan hastea izan bada ere, aurtengoan antolatzaileek festak lau egunetara mugatzea erabaki zuten; gaur egun aurrekontuak mugatuagoak izaten baitira festak antolatzeko orduan, eta lau egunetan egitarau osoagoa prestatzea egokiago ikusi baitzuten. Gauzak honela, aurtengo festetan berrikuntza ugari izan badira ere, festen lehen egunean "klasiko" bat izan zen nagusi: sagardo dastaketa. Sagardo dastaketa antolatzen hogei urtetik gora daramatzate, eta jende gehien biltzen duen ekimenetako bat da: "urtean zehar kanpoan bizi diren eta ikusten ez dituzun herritarrak ere biltzen dira egun honetan". Honegatik lehen egunetik indartsu hasi zituzten festak batzuek, baina indar guztaik gastatu gabe.

Ostirala umeen eta erretirodunen eguna izan zen. Kasu honetan ere herritarren parte hartzea bilatze aldera, gurasoak izan ziren haurrentzat ginkana antolatzeko arduradunak, eta antolatzaileak "gustura" gelditu ziren emaitzarekin. Ostiralean, baina, herritar gehien bildu zituen egitarauko zita herri afariarena izan zen, bertan 160 lagun bildu baitziren.

Larunbata, berriz, kuadrilen eguna izan zen. Aurten paella lehiaketa berreskuratu dute. Azken urteetan paella erraldoia egiten zuten, baina paella lehiaketarekin herritarren parte hartzea bultzatu nahi zuten eta "giro polita" sortu zen antolatzaileen ustez. Bederatzi kuadrilek egin zituzten paellak, eta bata besteari "adarra joaz" gustura ibili ziren. Kuadrilak izan ziren arratsaldean ere protagonista. Urtero bezala jolasak egin zituzten lehenik herriko gazteek bi taldetan banatuta: 20 urtetik beherakoena batzuk eta 20 urtetik horakoena besteek. Lokotxak biltzen, zaku karreran, neumatikoari tiraka, txingekin, kanpinarekin, sagarra jaten eta korrika ibili ziren. Hiru buelta eman ostean, 20 urtetik gorakoak izan ziren irabazle. Honen ondoren, aurten lehen aldiz Berrobi express izeneko frogak egin zituzten. Adin ezberdinetako lau talde osatu zituzten, eta talde hauen buru izan ziren bi herritar. 16 eta 22 artean Aitor Erauskin eta Arantzazu Rodas izan ziren arduradunak, 22-30 artean Miriam Saldias eta Iker Elustondo, 30-42 artean Iñigo Aurkia eta Jose Luis Zabala, eta 42 urtetik gorakoen artean Agustin Uranga eta Amaia Otaegi. Arduradun hauek beste sei lagun bildu behar izan zituzten publikotik, eta hainbat probatarako ere publikoaren laguntza behar izan zuten. Lau kanpinetan, esate baterako, 80 lagun inguru sartzera iritsi ziren. Une barregarriak eta politak bizi izan ziren plazan, bertan bildutakoek barre ugari egin zuten.

Azken egunean indarrak makalago bazeuden ere, bi indar erakustaldi ikusi ahal izan ziren. Batetik, goizean Joseba Esnaola 'Perras' herritarrak 140 kilotako harria altxa zuen esku batekin herri kirol erakustaldiaren barruan, eta bestetik arratsaldean herriko giza proba taldea Debako taldearen aurka lehiatu zen elizari buelta ematen herriko harria den harri madarikatuarekin. Herriko taldeak irabazi zuen zazpi buelta eta erdi emanda, Debako taldeak baino bat gehiago. Giza probak jende ugari bildu zuen beste urte batez, baina Mikel Urdangarinen kontzertuan ere jende ugari bildu zen. Plaza jendez lepo zegoen eta festa batzordekoen esanetan, "oso polita da plaza horrela beteta agurtzea festak". Gauen giro lasaiagoan zahagi ardoa eta dantza latinoen emanaldia ere izan zituzten.

Honenbestez , ikurrinen zintak balkoiez balkoi jarraitzen duten arren, gaur tristeago esnatu da gaur Berrobi. Aurtengo festak agurtu eta atseden hartzeko unea dute gaurtik aurrera berrobiarrek.

 

 

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!