Joseba Esnaola: 'Oraindik ere urte asko ditut aurretik, ikasteko eta gauza asko egiteko"

inigoterradillos 2014ko mai. 16a, 09:59
Joseba Esnaola 20 urteko harri-jasotzaile berrobitarra marka berria egiten saiatuko da igandean, maiatzak 18. Bere herrikideen aurrean egingo du, Berrobiko pilotalekuan, 19:00etan, eta erronka 215 kiloko harria altxatzea izango da.

Zer moduz ikusten duzu zure burua?
Igandea gerturatzen den heinean urduritasuna nabaritzen hasi naiz, baina, nahiko ziur ikusten dut neure burua.

Horrelako saioen aurrean erraz urduritzen den horietakoa al zara?
Urduri jartzea ohiko izaten da, jendaurrean aritu behar duzunean. Batzuk urduriago jartzen dira, eta besteak gutxiago. Ni, agian kanpotik gehiegi urduritzen ez naizela dirudien arren, urduri jartzen naiz.

Errazagoa al da Berrobin egitea saiakera, edo beste herriren batean?
Zure herrian bertan egitea oso polita da. Aldi berean, jende ezagun asko inguruan ikusita ere gehiago urduritu zaitezke.

Nahikoa probatu al duzu harria?
Uste dut nahiko prestatuta nagoela. Ez dago esaterik zer gertatuko den, baina, nire burua erronka gainditzeko nahiko ziur ikusten dut.

Giro polita izango da etzi, Berrobin.
Bai. Nire saiakeraz gain, beste bi harri jasotzaile ere izango dira, eta aizkolariak ere bai. Uste dut proba polita antolatu dugula, beraz, jendea gerturatzea espero dugu, eta ondorioz, giro polita izango dela uste dugu.

Pasa den urtean egin zenuen debuta Berrobin bertan, 19 urterekin. 200 kilokoa altxa zenuen hartan, eta hilabete batzuk geroago 215ekoarekin saiatuko zara.
Entrenatzen segi dut, eta harri handiagoarekin saiatzeko nire burua prest ikusi dudanean 215 kilokoari ekitea erabaki nuen. Harri hori ondo menderatzen dudala ikusi dudanean plazara irten eta jendearen aurrean altxatzeko unea dela erabaki dugu. Gainera, harriarekin ondo moldatzen zarela ikusten duzunean hobe izaten da lehenbailehen egitea saiakera, zure burua ondo ikusten duzun unea aprobetxatu behar da.

Zer balantze egiten duzu harri jasotzearen munduan egin dituzun lehen hilabeteez?
200 kiloko harria igo nuenean oso gustura geratu nintzen. Guztia pentsatu bezain ondo joan zen, eta ordutik egindako lanarekin ere oso pozik nago.

Momentuz 215 kilokoa igandean altxatzea duzu buruan, eta hortik aurrera?
Igandean horretan saiatuko naiz, eta hortik aurrera entrenatzen jarraitu, eta pixkanaka harri handiagoekin jarraituko dut. Zenbat eta gorago joan, orduan eta hobe.

Noraino iristea gustatuko litzaizuke ibilbide honetan?
Oraindik ez naiz jarri gehiegi horretan pentsatzen, nire ibilbidearen hasieran nago, eta neure burua ez dut asko probatu. Baina, ahal den gorenera iristea gustatuko litzaidake.

Oraindik gaztea zara, beraz, bide luzea izan dezakezu aurretik.
20 urte ditut, eta oraindik urte asko ditut ikasteko. Aurrera egiten dudan heinean, indarra ere areagotuz joango zaidala uste dut, beraz, gorputzak lagunduz gero, urte dezente geratzen zaizkit gauza asko egiteko.

Harri handietatik jotzeko hautua egin duzu.
Harri handiak altxatzeko bideari ekin diot, eta oraingoz hortik joango naiz. Aurrera begira, ez dakit beste bide batzuk ere ukituko ditudan. Aukera handiak daude, baina oraingoz hau da probatu dudana, eta gustura nago.

Nola entrenatzen duzu harriekin?
Asteazkenetan eta larunbatetan aritzen naiz harriak altxatzen. Asteazkenetan harri txikiagoekin aritzen naiz, eta larunbatetan handiagoekin saiatzen naiz. Gainerakoan, gimnasiora-eta joaten ez naiz hasi.

Bereziki estimatzen duzun harri jasotzaileren bat ba al duzu?
Harri jasotzaile onak asko daude, eta bat esango banu, Aimar Irigoien aipatuko nuke. Niretzat onena une honetan bera da.

Txikitatik izan duzu afizioa, baina, pentsatu al zenuen inoiz zu ere harriak altxatzera iritsiko zinela?
Betidanik gustatu izan zait, eta 17 urterekin hasi nintzen probatzen. Asko gustatu zitzaidan, eta segitzeko hautua egin nuen, gaur arte.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!