Ramon Olasagasti: "Pozgarria da zure ipuinekin haurrak irakurketara lotzen direla ikustea"

Rebeka Calvo Gonzalez 2014ko mar. 18a, 11:08
Ramon Olasagasti
Ramon Olasagasti (Berrobi, 1972) kazetari eta itzultzaileak Zarauzko Udaleko Kultura sailak antolatzen duen Lizardi Saria irabazi du, 'Sugaar' ipuinarekin.

Lizardi Sariaren 32. edizioa irabazi du berrobitarrak. Sari banaketa apirilaren 23an izango da, Liburuaren Nazioarteko Egunean, hain zuzen, eta liburua argitaratzearekin batera, 3.700 euro jasoko ditu.

Ez da eskuartean duen argitalpen bakarra, hala ere, Sugaar ipuinarekin batera, udazkenean, hau ere Elkar argitaletxearen eskutik, haurrei zuzendutako eta Mikel Valverderen ilustrazioak izango dituen Ipurtargien herrian kaleratuko baitu.

- Zein da Sugaar ipuinaren ardatza?

Sugaar euskal mitologiako pertsonaia da, eta sinesmenen arabera hainbat haitzulotan eta putzutan azaldu izan da. Esaten dutenez herensugearen aurrekoa izango litzateke,  nolabait. Pertsonaia Berastegin, Aintzerga auzoan tartean-tartean sortzen den Linduzulo putzuan kokatu dut. Bi mutil koskor barneratzen dira putzuan, eta horietako bat gaixotu egiten da. Ez dakite zergatik gaixotzen den, eta mutil horren arreba sinesmenen haritik tiraka hasten da zergatiaren bila. Eta hor sortzen da misterioa. Alde batetik, hari hori dago, zergatik gaixotu ote den, eta bestetik, adinekoen eta garai bateko aiton-amonen sinesmenen kontu hori dago. Oraindik ere batzuk benetan sinesten dute Sugaar putzu horretan bizi dela.

- Haurrentzako istorioa izanda, ba al dago irakaspenen bat istorioan, hori bilatu ahal duzu?

Ez dut hori bilatu, gehiago da misterio kontakizun bat. Seme-alabekin ikusi ahal izan dudanez beraiei horrelako istorioak gustatzen zaizkie,  eta horregatik egin dut horrela. Helburua ez da ezer didaktikoa egitea.

- Lehen aldia al da haurrentzako istorioa idazten duzula?

Lehenago ere idatzi izan ditut ipuinak, baina ez ditut argitaratu. Seme-alabentzako idatzi izan ditut, baina ez argitaratzeko. Berez udaberrian Elkar argitaletxearekin Ipurtargien herrian ipuina argitaratu behar nuen, baina saria dela eta atzeratu egingo dugu. Orain arte itzulitako ipuinak bakarrik argitaratu izan ditut. Mikel Valverdek Rita pertsonaiaren inguruan idatzitako eta ilustratutako ipuinak, hain zuzen. Bilduma honetako azken bozpasei ipuinak nik itzuli ditut. Harra, nolabait esateko, hortik sartu zait, eta baita seme-alabei idatzitako ipuinengatik. Pozgarria da zure ipuinekin haurrak irakurketara lotzen direla ikustea.

- Zein desberdintasun dago haurrentzako edo helduentzeko idazterakoan?

Badirudi idazkera samurragoa dela eta egia da esaldiak motzagoak direla eta idazketa ez dela horrenbeste korapilatu behar, baina bestetik, soiltasun horretan, badago nolabaiteko zailtasuna. Tonua bilatzea eta giro bat sortzea ez da erraza. Eta haurrak ere irakurle zorrotzak dira. Oso gustura nabil ipuinak idazten, eta kazetaritza eta itzulpen lanak alde batera utzi ditut orain. Bestelako ariketa batean sartzeko aukera ematen dit haur literaturak.

- Epai mahaiak ere ipuineko 'euskara sanoa' goraipatu du.

Ez dakit zer esan nahi duten horrekin... etxetik jasotako euskara da ipuinekoa. Ni Berrobikoa naiz, eta herrian eta etxean beti euskaraz egin izan dugu, eta azkenean hori erabili dut. Ez da komeni asko korapilatzea, eta hemen, Tolosaldean, erabiltzen den euskara garbi samarra da, eta horrek idazkeran ere izango zuen eragina.

 

 

 

 

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!