Berrobiko Sarriopapeleko langileak espero baino lehen lekualdatuko dituzte

Itzea Urkizu Arsuaga 2014ko urtarrilaren 2a

Berrobiko lantokiko beharginak Leitzako lantegira aldatuko dituzte.

Datorren urtarrilaren 31n lantokiz aldatu beharko dute Berrobiko Sarriopapel enpresako langileek, zuzendaritzak hartutako erabaki bat medio. Aurrerantzean, Leitzako Sarriopapel lantegian ariko dira. 

LAB sindikatuko arduradunek azaldu dutenez, duela 9 edo 10 hilabete jakinarazitako erabakia da lekualdatzearena: «Ez da berria, eta duela hainbat hilabete jakinarazi zieten langileei Berrobiko lantegia itxi egingo zutela». Horrez gain, enpresa zuzendaritzak «lasaitasuna» eskatu zien langileei, lekualdatze eta aurretiko erretiroen baldintzak negoziatuko zituztela azalduz. 

Makina berri batzuen harira sortu da langileen lekualdatzea, LABeko ordezkariek azaldu dutenez: «Zaragozan duten lantegira makina berri batzuk eramango dituzte, eta gaur egun Berrobiko langileek Zaragozarako egiten duten ekoizpena ere hara eramango dute ondorioz». 

Baldintzak negoziatzeko unea

2014ko irailean jarritako muga «bat-batean» aldatu du zuzendaritzak, eta hilaren 31tik aurrera Leitzara joan beharko dute lanera: «Konpromisoak eskatu genizkion zuzendaritzari, baina itxiera eguna aurreratzeko modua ikusita, konpromisorik ez dutela hartu ikusi dugu». 

Bide beretik, aurretiko erretirorik ez dela izango jakinarazi du zuzendaritzak, eta langile guztiak lekualdatuko dituzte. Orain, sindikatuak langileek egoera negoziatzen ari dira, eta Berrobiko lantegiko baldintza berak mantentzea eskatzen dute: «Enpresaren enrantzunaren zain gaude, beraz». 

 

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!