Harriaren harrobian zizelkatze berria

Joseba Esnaola Perras Berrobiko gazteak 200 kiloko harria altxatzeko erakustaldia egingo du igandean bere herrian.

Joseba Esnaolari elkarrizketa osoa:

 

Joxeanjel Sarasolaren hitzak:

 

Herri kirol munduan murgilduta dagoen gazterik bada Tolosaldean: egun, aizkolariak eta giza probatan harriari tiraka aritzen direnak gehienak. Horien artean ez da harri-jasotzailerik ageri, baina hori aldatzera dator Joseba Esnaola (1993, Berrobi).
Urtebete darama harria jasotzen, eta han eta hemen egin ditu zenbait erakustaldi. Orain, ordea, erronka handiari egingo dio aurre: 200 kiloko harria altxatzen saiatuko da bere herriko plazan, igande honetan arratsaldeko 18:00etatik aurrera egingo den saioan. Prestakuntza lanetan ez da bakarrik aritu, Adunako Iñaki Gorostidi harri-jasotzaile ohiaren gidaritzapean aritu baita. Egunean bertan ere aita ponte lanetan ez ditu edonolako harri-jasotzaileak izango: Joxe Ramon Iruretagoiena Izeta IIak eta Aimar Irigoienek beraien saioa eskainiko dute Esnaolaren aurretik.

«Orain, ezin harririk gabe egon»
Larunbat arratsaldean Iñaki Gorostidirekin entrenatzen harrapatu du ATARIAk Joseba Esnaola, harri-jasotze munduan Perras ezizenarekin ezaguna: «Lehen aitonari jarritako ezizena da, eta haren jarraipen garenoi ere egokitu zaigu deitura», adierazi du Berrobikoak.
Ezizena aurrekari baten ondorioz datorkio, baina ez harri-jasotzearekiko afizioa: ez familian, ez inguruan ezta herrian ere ez du harri-jasotze munduarekin lotura zuzenik izan. Berrobiko taldea iaz txapeldun izan zen harri-tiran, Esnaolak berretsi duen moduan, eta horretan noizbait aritu arren, zuzenean beste kirolik egin gabe harria jasotzen hasi dela esan daiteke. «Beti izan dut harri-jasotzaileak ikusteko gogoa; txikitatik gustatu izan zaizkit harri-jasotzaileak, aizkolariak eta antzekoak ikustea. Banuen horretan hasteko gogoa ere. Etxean antzekorik izan ez denez, lehen ez nuen laguntza handirik hasteko. Egun batean kasualitatez probatzea egokitu zitzaidan: gustura ekin genion eta orain ezin harririk gabe egon», azaldu du gazteak.
Urtebete inguru darama harria jasotzen, eta 7 bat hilabete Iñaki Gorostidiren irizpideei jarraituz entrenatzen: «Gorostidi ezagutzen genuen, eta aita eta biok berarengana etorri ginen. Aurretik beste mutil batzuekin lanean aritutakoa zen bera, eta baietz niri ere erakutsiko zidala eta lasai agertzeko. Hala, gauden lekura iritsi gara».
Larunbatero hurbiltzen da Gorostidiren etxera entrenatzera: «asteazkenean beste entrenamendu saio bat egiten dut harriarekin, baina normalean nire kabuz, ez dut hemen egiten», adierazi du Berrobikoak. Harriarekin aritzen da gehienbat. Mendian ere ibiltzen da, baina gimnasioan ez da aritu oraingoz: “Harri-jasotzaileak ibiltzen dira, baina oraindik ni ez naiz horretan hasi».
Lanean dabil Esnaola, baina ongi uztar ditzake bere zereginak entrenamenduarekin: «Mendia eta ehiza ere gustuko ditut, baina horiengatik ere ez dut arazorik izaten», azaldu du. Tarteka, noizean behin, parranda egitea ere gaizki ez dagoela aitortu du, beti ere neurria hartuz gero.
Harri txikiekin proba egin eta gero, Gorostidik handiekin saiatzeko proposamena bota zion: «Harri handiekin probatzeko aipatu zidan, horretarako gorputza ikusten zidala. Proba egiten hasi eta nahiko ondo moldatu gara. Nahiko gora iritsi gara», azaldu du. Horren gora, non hurrengo erronkaren maila 200 kilokoan kokatu duen.

200 kilokoa begitan
«Aurtengo udan herri txikietan aritu naiz erakustaldi batzuk egiten, eta Frantziara ere egin ditut joan-etorri batzuk. Epaileekin, ordea, ez dut oraindik erakustaldirik egin», azaldu Esnaolak.
Etxean altxatua du 200 kilokoa, baina igandean gerta daitekeenarekin urduri dagoela aitortu du: «Plazan eta herriko jendearekin, denak ezagunak, ez dakigu zer pasako ote den, baina dena ondo aterako den itxaropenarekin nago. Ea egun horretan lasai joaten garen; ea zer egiten dugun». Herrian ikusmina dagoela sumatu du: denetarik galdetu eta esaten omen diote, baina argi dauka bere arreta altxaldian jarri beharko duela, esanetatik urrunduz.
Igandekoan, gainera, ez da bakarrik izango. Prestatzaile lanetan aritzen zaion Iñaki Gorostidi bertan izango da, eta luxuzko aita ponteak izango ditu lagun: Joxe Ramon Iruretagoiena Izeta IIak eta Aimar Irigoienek beraien saioa egingo dute Berrobikoaren aurretik. «Gustura egongo naiz. Nire herrian egin behar dudan erakustaldian maila horretako harri-jasotzaileak egotea poztekoa da», azaldu du Esnaolak. Gorostidirenean egokitu ez badira ere, erakustaldiren batean elkar izan direla aipatu du.

«Harrien txapelketak galtzea pena litzateke»
Orain 200 kilokoa du buruan. Ez du behin-behinean beste helbururik oraingoz: «Momentuz harri handiarekin probatzen gabiltza, eta ahal bada hari loturiko era guztietako probatan arituko gara», dio. Formari dagokionez ere baditu lehentasunak: «Gehienak probatu ditut. Orain angeluzuzenarekin nabil eta hori dut gustukoen. Bakoitzari gustua hartzeko, ibili egin behar da, neurria hartu, eta hori eginda, momentu honetan honekin aritzen naiz erosoen».
Euskal Herrian harri txikien eta handien txapelketa egin ohi da urtero; nekez, behar adinako jendek ez baitu izena ematen eta horrek zaildu egiten baitu txapelketa horien antolaketa. Perrasek gustura hartuko luke parte: «Ea ni hasten naizen eta batzuk biltzen garen. Ondo bagara, nik gustura hartuko dut parte. Txapelketa horiek galtzea pena izango litzateke».
Horretarako lanean jarraituko du Esnaolak. Hori da bere aburuz gainera, harri-jasotzaile ona izateko ezaugarri nagusi: «Harri-jasotzaile onak saiatu egin behar du behintzat. Horretarako gimnasioan hasi, norberaren burua zaindu eta entrenamenduak bete behar dira. Lana egin beharra dago».

Gorostidi, prestatzaile eta aholkulari
Harriaren munduari loturik urte asko daramatza Iñaki Gorostidi adunarrak: bere garaian, 77 kilo pisatzen zituela, 185 kilokoa esku bakarrez jasotakoa da bera, eta egun, harri-jasotzaile gazteak prestatzen dihardu: «Hasi berria da Joseba; mundu honetan ia birjina dela esan daiteke. Gimnasioko prestaketa eta janariari begirako zainketa ere etorriko dira. Hobetzen joan beharko da horretan, noski», azaldu du Gorostidik, «ea Josebari bultzada ematen diogun».
Horretarako, bultzada hori emateko, laguntzeko prest dago Gorostidi: «Ahal duguna egiten dugu. Nik hemen harri batzuk badauzkat, hasi 100 kilokotik eta 250 kiloraino. Tokia ere behar du entrenatzeko eta ea denon laguntzarekin zerbait egiten dugun». Izan ere, bere ustez euskal kulturaren parte den kirolari eutsi egin behar zaio, egun nagusitasuna beste kirol batzuek duten arren.
Perrasek egin behar duen 200 kiloko marka ez da agian azpimarragarriena, baina bai hasi berria dela kontuan hartuz gero: «Marka hori egin duten batzuk badaude. 19 urterekin, ordea, oso gutxik egin dute plazarako jauzia kolpetik 200eko harriarekin», azaldu du Adunakoak.

«Ez daukat penarik lehenago ez hasi izanagatik»
Abenduaren 4an beteko ditu 20 urte Joseba Esnaola Perras berrobitarrak, eta 18 urterekin hasi zen harri-jasotze munduan. Nerabezaro amaieran hasitakoa da bera, baina egun dabiltzan asko lehenago hasitakoak dira: «Gazteagotik hasita dagoenak bere aldea izango duela pentsatzen dut, teknikatik ere asko ikasten delako eta gorputza ere egiten doalako. Dena den, horregatik ez daukat penarik, lehenago ez hasi izanagatik», esan du.
Kargaren eta adinaren inguruan bada eztabaida, oso gaztetan hainbeste pisu hartzeak hazkuntzan ekar dezakeen arazoa tarteko. «Gazteak ahal badu, ni egitearen aldekoa naiz», azaldu du Esnaolak.

Gazte hasi?
Iritzi horretakoa da Joxe Ramon Iruretagoiena Izeta II: bere ibilbidea gainbegiratu besterik ez dago. «Aspaldi hasi nintzen. 46 urte dauzkat eta 13-14 bat urterekin hasi nintzen... 32 urte, beraz. Hodei semea, oraindik ere gazteagoa zela hasi zen: Aimar Irigoienekin batera, 5-6 urterekin hasi zen erakustaldietan agertzen gurekin batera», azaldu du Izeta IIak.
Hori bai, bere ustez lehen urteetan hobe da harri txikietan aritzea, 150 kiloren inguru horretan: «Nik 25 urte arte harri txikitan ibiltzea gomendatuko nuke teknika eta muskuluen tonua hartzeko, eta jada gorputz handia duenean, harri handitarako jauzia egitea». Hala, gorputzaren lanketa modu progresiboagoa batean egiten dela deritzo: «Harri handitan gorputza geroz eta handiagoa eta sendoagoa egiten zaizu, eta fisikoa lantzea zailagoa izaten da horrelakoetan». Honenbestez, marka baino harri handitara jotzeko azkartasuna nabarmenduko luke Izeta IIak: «200 kiloko harria gaur egun jasotzea ez da marka handia, zein marka dauden eta bere pisua ikusita. Bai esango nuke gazte honek azkar erabaki duela harri handitara joatea».
Harri-jasotzailea 8-9 urterekin hastea ondo ikusten du Izeta IIak: «Teknikak hartzen has daiteke, eta horretarako kaxak, plastikozko moldurak eta antzekoak erabil daitezke». Euskal Herrian harri-jasotzaileen eskola ireki du berak, Euskal Herriko lehena: «Harria jasotzen hasi nahi zuenak Izetarena, Goenatxorena edo Gorostidirena jo beharra zuen. Hori ikusita, horretan ikasteko eskola abiarazi nuen».
Gauza bera dio Joxe Angel Sarasola harri-jasotzaile ohiak: «Kirola egiten txikitatik hasi behar da; jolasean bada ere, kirola eginez behintzat. Perurenaren semea, Ostolaza edo Aimar Irigoien oso gaztetatik hasitakoak dira: marka handiak egin dituztenak oso gazte hasitakoak dira», arrazoitu du Sarasolak. Bera 20 urteren muga pasata hasi zen: «22 bat urterekin hasi nintzen ni eta azkarrago geratzen da aurrera egin ezinik, topea eginda, berandu hasten denak», azaldu du. «Zertan dabilen badakiena dabil berarekin lanean, Gorostidi, eta hark badaki mutila martxa onean okertu gabe eramaten», gogoratu du, «oso ondo begiratuta egiten dira gauza horiek».
Gaztea indartsu ikusten du Sarasolak: «Udan erakustaldiren batean ikusi dut eta ikusten da harri handi horiekin aritzeko gai dela. Duela denbora gutxian hasi dela aintzat hartuta, meritu handiko lana egin duela iruditzen zait. Ez dut uste justu-justuan jasoko duenik».
Izeta IIak ondo dioen moduan, gure eskualdean gutxiago ikusten da harri-jasotzea baina «bat hasten baldin bada afizioa sortzen du gero; nolabaiteko inbidia eragiten du», azaldu du Iruretagoienak. Nork daki: Joseba Esnaola Perrasek harriaren harrobian egindako zizelkatzeak izan dezake jarraipenik.

Halterofilia erakustaldia ere bai

Igandean izango da erakustaldia Berrobin, 18:00etatik aurrera. Joxe Anjel Sarasola arituko da esatari lanetan iganderako prestatutako saioan. «Harri-jasotzaile baten debutaren itxura izango du emanaldiak. Hala, bi harri-jasotzaile izango ditu laguntza emateko: Aimar Irigoien eta Izeta II».
Berrikuntza bat ere izango du. Ohiturak aldatuz, normalean aizkolariekin egin ohi den erakustaldia, halterofiliakoek beteko dute: Villabonan entrenatzen duen Zizurkilgo Danena halterofilia taldeak hartuko du parte. «Momentu oso onean dago Batis Kortajarenaren taldea eta jendeari kirol hau hurbiltzea ere polita dela uste dut», dio Sarasolak.

Albiste hau ATARIKIDEei esker argitaratu dezakegu. Haiei esker Tolosaldeko albisteak libre, euskaraz eta kalitatez irakurtzen dituzu. Horrela izaten jarraitzeko eman babesa Tolosaldeko Atariari eta ZU ERE IZAN ZAITEZ ATARIKIDE.

BATAK BESTEA DAKAR


EGIN ATARIKIDE!